Igandean da Jendaurreko 35. Margo Sariketa
Bonberia eraikin berriak hartuko duen lehenengo ekimena izango da. Aurkeztutako lanak ikusgai jarriko dituzte azaroaren 1era arte.
Bi margolari, iaz, Jendaurreko 34. Margo Sariketan.Lide Egizala Arrano Kulturak antolatutako Jendaurreko Margo Sariketa 35. aldira iritsi da. Igandean izango da aurtengoa eta, ohi bezala, herriko txokoak mihisez eta kolorez beteko dituzte parte hartuko duten margolariek. Bonberia eraikin berriak hartuko duen lehenengo ekimena izango da.
Euskarriak Bonberian zigilatu beharko baitira, 09:00etatik 10:30era bitartean. Ondoren, kalera irtengo dira parte hartzaileak margotzera. Gaia Beasaingo herria eta auzoak izango da. Hiruzpalau ordu izango dituzte margotzeko, eta 13:30etik 14:30era bitartean aurkeztu beharko dituzte lanak, sinatuta, Bonberian. Nahi dutenek bazkaria izango dute Arrano elkartean.
Lanaren alde luzeenak ezin izango du metro bat baino gehiago neurtu, eta euskarri gogor batean aurkeztu beharko da. Pintura eta materiala, berriz, librea da.
Zuzenean margotutakoa
Epaimahaiak aukeratuko ditu lanik onenak. Kalitate berdintsuko lanen artean, zuzenean margotutakoa lehenetsiko du, eta ez argazkitik margotua izan dena. Sari banaketa 18:30ean egingo dute, Bonberian hori ere, eta han egongo dira erakusgai lan guztiak azaroaren 1era arte. Eginiko lana saldu nahi dutenek, prezioak finkatu beharko dituzte aurkezten diren unean.
Helduen artean, irabazleak 1.000 euro eta ikurra jasoko ditu sari gisa, bigarrenak 500 euro eta ikurra, eta hirugarrenak 400 euro eta ikurra. Herritarren artean lehenengoak 600 euro eta ikurra jasoko ditu, eta bigarrenak 250 euro eta ikurra.
Gazteen kategoria 13 eta 17 urte bitartekoena izango da. Horien artean lehenak 200 euro eta ikurra lortuko ditu, eta herriko lehen gazteak 150 euro eta ikurra. Haurretan (12 urte bitarte) lehen saria, berriz, 60 eurotan baloratutako oparia eta ikurra da, eta bigarren saria ikurra. Helduen eta herriko lehen sariak udalaren esku geldituko dira.
Euskal Herriko herri askotatik etorritako margolariek parte hartu ohi dute sariketan. Iaz, adin eta jatorri askotako 46 margolari aritu ziren. Helduetan, Ugaoko (Bizkaia) Iker Mugarra izan zen irabazlea, bigarren Erandioko (Bizkaia) Jose Miguel Arranz eta hirugarren Artziniegako (Araba) Fernando Ureta.













