La Leze gazta, txapeldunetan txapelduna
Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak egin du bigarren, eta Julen Arburua iazko irabazleak, berriz, hirugarren.
Lehen hiru gaztagile onenen irudia. Izaro Villarreal Plaza Nagusiaren erdi-erdian, asteazkeneroko postuak inguruan zirela jokatu da gaur goizean 39. Ordizia Txapeldun Sari Nagusia. Hamar gaztagile aurkeztu dira lehiaketara, 2000. urtetik hona iraileko gazta txapelketa irabazi dutenak.
Roberto Ruiz buru izan duen epaimahaiak, Ilarduiako (Araba) Eli Gorrotxategiren ‘La Leze’ gaztari eman dio puntuaziorik altuena, 8,95 puntu. Urrezko Gazta garaikurra ere jaso du saritzat.
Bigarren gaztarik onena Araiako (Araba) Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagarentzat izan da (8,49 puntu), eta hirugarrena, berriz, iazko irabazlea izan zen Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburuarentzat (8,48 puntu).
Jarraian sailkatu dira ondorengoak ere: Segurako Ondarre (8,06), Zeanuriko Ipiñaburu (7,68), Larreako Larrea Gazta (7,61), Elgoibarko Mausitxa (7,15), Eulateko Remiro (7,06), Aiako Agerre Buru (6,99) eta Ordiziako Otatza (1,00).
Martxoan ondutako gazta
“Emozio handiarekin eta pozik” hartu du aurreneko saria Eli Gorrotxategi gaztagileak. Martxoan ondutako gazta aurkeztu du gaurkoan, eta gaztaren ehundura izan da nabarmendu duen ezaugarria: “Etxean gastatu genuenean zaporez egokia zela iruditu zitzaigun; zapore trinkoa eta ehundura krematsua zuen”. Ontzerako garaian egin duten lana ere balioan jarri nahi izan du Gorrotxategik.
Argazkiak: Izaro Villarreal













