Landa-lurrak digitalizatzeko azken-aurreko fasea jarri du martxan udalak
2023an jarri zuen abian landa-lurren mugak digitalizatzeko egitasmoa. Laugarren faseko bilerara joan ez diren 53 lur-jabeak deitu ditu udalak.
Adur Ugartemendia Lurraldea saileko burua eta alkateordea, atzoko bileran azalpenak ematen.Beasaingo Udala Landa-lurren mugak digitalizatzeko azken-aurreko fasea abian jarri du Beasaingo Udalak. Laugarren fasea da; 12, 13, 14 eta 17 poligonoetako lursailak digitalizatuko dituzte.
Aurrez, lehenengo fasean (2023), 8. poligonoko landa-partzelak mugatu zituzten; bigarren fasean (2023-2024), 3, 4, 5 eta 6. poligonoetako lursailetakoak; hirugarren fasean (2024-2025), 1, 2, 9, 10 eta 11. poligonoetakoak.
Laugarren fasea amaitutakoan, bosgarren eta azkena egingo dute: 7, 15 eta 16. poligonoetako lursailak mugatuta, landa-lurren digitalizazio osoa eginda geratuko da.
2023an jarri zuten martxan egitasmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Geograma enpresaren bidez ari dira garatzen. Atzo, goiz eta arratsaldez, bilera informatiboak egin dituzte bertaratutako 82 lur-jaberekin. Fase honetan, baina, 135 lur-jabe daude.
Udalak azaldu duenez, prozesu topografikoa “zuzena eta eraginkorra” izan dadin, “titularren eta mugakideen parte-hartzea ezinbestekoa” da. Horretarako, lur-jabeak mugakideekin elkartu behar dira, eta eremu arteko mugak zein mugarriak adostu behar dituzte, eta lursailak eta mugarri inguruak garbitu eta ikusgarri utzi behar dituzte.

Laranjaz, egindakoak; berdez, martxan dagoen laugarren fasekoak; eta arrosaz, bosgarren eta azken fasekoak.Beasaingo Udala
“Abantailak” bi aldeentzat
Lanak amaitzean, jabe bakoitzari bere partzelaren plano eguneratua emango zaio, mugarrien koordenatu zehatzekin. “Partaidetza hau borondatezkoa da eta ez dio inolako kostu ekonomikorik eragingo lur-jabeari”, azaldu du udalak.
Bilerara joan ez diren 53 lur-jabeak deitu ditu udalak: “Udaleko Lurraldea sailarekin harremanetan jartzeko eskaera egin zaie, informazio guztia jaso eta prozesuan atzean geratu ez daitezen. Alabaina, badira bileretara etorri eta informazioaren koadernoa eraman ez dutenak. Horiei udalera etortzeko deia luzatzen zaie dokumentazioa jasotzera”.
Udalaren esanetan, digitalizazioak “abantailak” ditu bi aldeentzat. Batetik, udalarentzat “segurtasun juridikoa handitzen du, jabetza-gatazkak prebenitzen ditu, administrazio-izapideak azkartzen ditu eta ingurumenaren kudeaketa nahiz laguntza publikoen bideratzea errazten du”; bestetik, lur-jabeentzat, “jabetzen inguruko ziurtasuna ematen du, eta nabarmen errazten ditu salerosketak, herentzien banaketak nahiz nekazaritzako diru laguntzak eskatzeko izapideak”.













