Segura dantzaren hiriburu bihurtuko da larunbatean
Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50. edizioa beteko du, aurten. Txapelketaz gain, ospatzeko eguna izango da larunbatekoa. Frontoi zaharreko bazkarian 160 lagun elkartuko dira.
Azpilla dantza taldearen polka erraldoia Segurako plazan, artxiboko irudian. Loinaz Agirre Segura euskal dantzaren hiriburu bihurtuko da larunbatean, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 50. edizioaren harira. Urteurren borobilak eskatzen duen mailako ospakizuna prest dute dagoeneko. Edizio guzti hauetan Segurako oholtza gainetik igaro diren dantzari guztiak omentzeko baliatuko dute eguna, baita urte guzti hauetan txapelketa posible egin duten antolakuntzako kide oro ere. Larunbatekoa, txapelketaz harago, dantzaren festa erraldoia izango da.
Urte bete baino gehiago daramate txapelketaren 50. edizio hau prestatzen, Iosune Arrondo Segurako Udaleko kultura teknikariak zehaztu duenez. Egun berezia izatea nahi dute, eta batez ere, dantzariak erdigunean jarri nahi izan dituzte: «Beraiek dira protagonistak txapelketa honetan». Dantzari guztiak izango dituzte gogoan, «guztiak dira txapeldunak. Txapelketan parte hartzea bere horretan da sari bat, aurretik izugarrizko lana egin duen jendea delako, maila izugarria duten bikoteak dira».
Egun handia larunbatekoa izan den arren, 50. edizioko ospakizunak hasita daude aurretik. Dokumentazio eta argazki artxiboak osatzeko lanak egin dituzte Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera, txapelketaren 50 urteak jasota geratu daitezen. «25. urteurrenerako liburuxka bat argitaratu zen, 1977tik 2001era arteko datuak bilduta. Orain datu horiek eguneratu eta ordenatzeko saiakera egin dugu», azaldu du Arrondok.
Egun borobila
Larunbatekoa egun berezia izango da, Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50. edizioa beteko duelako, eta horrek aldaketa batzuk eragin ditu ohiko egitarauan. Aldaketa nagusietako bat txapelketaren ordu aldaketa izango da, arratsaldetik goizera pasatuko baita. «50. edizio hau ospakizun bat izatea nahi dugu, eta guztiok dantzarekin gozatzeko aukera izatea. Horregatik, 12:00etan izango da txapelketa eta amaitutakoan, frontoi zaharrean bazkaria egingo dugu». 160 bat lagunek hartuko dute parte bazkarian, Euskal Herriko Dantza Txapelketak bere lehendabiziko urratsak eman zituen leku berean. «Urteetan lanean gabiltzan lagunak elkartuko gara, epaileak, dantzariak, herritarrak, antolakuntzako kideak…». Frontoi zaharreko karpan pantaila erraldoi bat ere jarriko dute, dantza txapelketa zuzenean jarraitu ahal izateko.
Arratsaldean jarraituko du ospakizunak, dantza erdigunean jarrita, 9. Dantza Egunaren harira. Ohi bezala, Segurako Azpilla dantza taldearen polka erraldoiarekin hasiko dute festa eta Jaiki Hadi taldeak girotuta dantza-plazak izango dira jarraian.
Dantzari onenak oholtzan
Guztira 9 bikotek hartuko dute parte txapelketan, une honetan euskal dantzen munduan dabiltzan bikote onenak. «Maila gero eta handiagoa da, teknika aldetik, bikoteak transmititzen dutenaren aldetik… gauza asko hartzen dira kontutan txapelketan», dio.
50 edizio hauetan lanean aritu den kolektibo anitzari ere aitortza egingo diote txapelketan. «Dantza irakasleak, epaileak, musikariak, dantzariak, Dantzarien Biltzarreko ordezkariak, telebistako teknikariak eta Segurako Udaleko langileak» izango dituzte gogoan, txapelketaren atsedenaldian egingo zaien aitortzan.
Txapelketaren atsedenaldia Aukeran dantza taldeak girotuko du aurten, edizio honetarako sortutako 30-50 ikuskizunarekin. «30 urte dira Aukeran sortu zela eta bi urteurrenei egiten die erreferentzia izenburuak».














