11 hizkuntza aktibistari harrera egin die alkateak Beasainen
Hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako ordezkariek parte hartzen dute urtero Aditu programan. Hilabete eta erdiko egonaldia izaten dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera izaten dute hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko.
IV. Aditu programan parte hartzen ari diren hizkuntza aktibistak, Garabideko ordezkariarekin eta alkatearekin.Laida Goiburu Garabide Hizkuntza lankidetzarako Gobernuz Kanpoko Erakundeak koordinatzen duen Aditu Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programa martxan dago. Aurtengo edizioan hamar komunitatetako 11 hizkuntza aktibista ari dira parte hartzen programan, eta gaur goizean harrera egin die horiei Beasaingo alkate Leire Artolak, udaletxean.
Hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako ordezkariek parte hartzen dute urtero Aditu programan. Helburua da euskararen biziberritze-prozesuan metatutako ezagutza eta esperientziak partekatzea. Parte-hartzaileek hilabete eta erdiko egonaldia izaten dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera izaten dute hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko. Gizarte zibiletik sortutako ekimenak zein administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertzen dituzte.

Aurten 11 hizkuntza aktibista etorri dira: Patricio Maldonado (kitxua), Asmaa Aouattah (amaziga), Miguel Angel Veron Gomez (guarania), Delfina Libia Reyes Chavez (mixea), Diego Amin Pacheco (maayat’aan), Lina del Rosario Ancan Neculman (mapuzugun), Elutzman Zunagua Alvarado (ketxua), Isabel Copa Sepa (bubia), Rosa Beatriz Xiquitá Baján (kaqchikela), Maria Fernanda Neculman Torres (mapuzugun) eta Arquimedes Yatacue Caso (nasa yuwe). Milouda El Hankari El Bouzidi (amaziga) partaideen koordinatzailea ere izan da ekitaldian.
Harreraren ondoren, udaletxean, udalaren euskara sustatzeko politikak azaldu dizkie alkateak. Donostiara abiatu dira gero, Euskaltzaindiaren egoitzara, araututako euskararen gakoak ezagutzera.
Irailaren 18an etorri ziren Euskal Herrira eta, urriaren 29an, hilabete eta erdiko egonaldiaren ondoren, azken agurra egingo diete.














