28.500 kilometroko langa gainditu du auto elektriko partekatuen zerbitzuak
Alokairuko bidaien %75 Beasainen hasi eta bukatu da, eta, puntu batean hartu eta bestean utzi den kasuetan, Beasain lotura gisa erabili da, nagusiki Donostiarekin eta Loiuko aireportuarekin.
Adur Ugartemendia Donostiako Naturklima Auditoriumean.Beasaingo Udala Beasaingo auto elektriko partekatuen zerbitzuak 28.500 kilometroko langa gainditu du. Zerbitzua 2025eko apirilean jarri zuen udalak martxan Gernika pasealekuko aparkalekuan, udalaren hitzetan, “herri barruko eta herriarteko mugikortasunean atzemandako gabeziei zein inter-modalitate azterketei erantzuna emateko asmoz”.
Proba pilotu gisa, bi Tesla Model 3 ibilgailurekin jarri zuen martxan egitasmoa, eta lizitazio bidez hiru urterako berritzearekin batera, lau ibilgailu ditu egun zerbitzuak, Renault Zoe bat gehitu baitiote.
Adur Ugartemendia Lurraldea saileko buru eta alkateordeak egitasmoa aurkeztu du gaur Donostiako Naturklima Auditoriumean, Gipuzkoako Energia Jardunaldien barruan.
Hark emandako datuen arabera, 230 alokairu erregistratu dira eta 28.500 kilometrotik gora egin dituzte. Zerbitzua 54 erabiltzailek erabili dute, eta %60 errepikatu duten bezeroak dira.
Alokairuen %75 Beasainen hasi eta bukatu da, eta, puntu batean hartu eta bestean utzi den kasuetan, Beasain lotura gisa erabili da, nagusiki Donostiarekin eta Loiuko aireportuarekin, baita Madril eta Kantabriako joan-etorri puntualetarako ere. Alokairuen batez besteko distantzia 89 kilometrokoa izan da eta alokairu bakoitzaren iraupena 7 ordukoa.
Udalaren esanetan, “mugikortasuna deskarbonizatzeko helburua” duen “garraio publikoaren osagarri malgua” da. Guppy aplikazioaren bidez kudeatzen da.













