Antzeztaun antzerki zikloaren bigarren saioa izango da Ataunen
'Escape Room' antzezlana egongo da ikusgai, bihar. Horretaz gain, Jubilatuen Eguna antolatu du Atseden-tokik.
'Escape room' antzezlaneko irudi bat.Txalo Produkzioak Escape Room antzerkia izango da Ataungo herri antzokian, bihar, 22:00etan. Txalo produkzioakek aurkeztuko du eta sarrerak 5 euro balioko ditu. Sarrerak salgai daude udaletxean eta liburutegian. Zuhaitz Gurrutxagak, Nerea Gorritik, Iñigo Aranburuk eta Oihana Maritorenak antzeztuko dute Escape Room. Antzerkia izatez Joel Joan eta Hector Claramunt kataluniarrek sortutakoa da. Beldurrezko komedia bat da, eta gertatzen dena da hilketa bat egon den auzo batean Escape Room bat egitera joan direla bi bikote. Arrakasta izan duelako zenbait hizkuntzetara itzuli da, euskarara ere bai. Antzezlanaren zuzendaria Begoña Bilbao da.
Antzeztaun 2026 antzerki zikloa hasi zen urriaren hasieran. Hilaren 2an lehen antzerkia egon zen, Aurkitu Gabeko Altxorra. Ostiralekoaren ondoren, urriaren 25ean, Hau beroa! antzezlanarekin amaituko da ekimena.
Jubilatuen Eguna
Antzeztauneko antzerkiaz gain, Jubilatuen Eguna antolatu du Atseden-toki elkaerteak biharko. 10:00etan Ataungo auzo guztietatik autobusa igaroko da, hurrenkera honetan: Kaxeta, Ergoiena, San Gregorio, Motasoro, Arrondo, Astigarraga eta San Martin (Altzanipe). Behin auzo guztietatik igarotzen direnean, Lazkaomendiko Iztueta baserria bisitatuko dute, 11:00etan.
Iztuetako bisitaren ondoren, Lazkaomendiko Itxurrene jatetxean bazkalduko dute 14:15ean. Bazkalondoan, omenaldia egingo diete 1946an jaio zirenei, 80 urte bete edo beteko dituzte aurten. Bertan, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak eta Pello Urdangarin eta Dani Oiarbide trikitilariak izango dira.













