Joxe Azurmendi kongresua aurkeztu dute Donostian
Pentsalari eta idazle zegamarraren izena duen kongresua abenduan burutuko da Donostian eta 150 hizlari bilduko ditu hiru egunetan.
Alba Garmendia, kongresuko antolakuntza taldeko kidea; Iñaki Zabaleta, EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendaria eta Haritz Azurmendi, Jakineko proiektu arduraduna gaur goizean, Donostian, EHUren Carlos Santamaria Zentroan. Jakin Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua aurkeztu zuten atzo goizean Donostian. Abenduaren 16tik 18ra ospatuko da eta Jakinek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak antolatu dute elkarlanean. Iñaki Zabaleta, EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak, Haritz Azurmendi, Jakineko proiektu arduradunak eta Alba Garmendia kongresuko antolakuntza taldeko kideak hartu zuten parte agerraldian.
2019an egin zen lehendabiziko edizioa, eta hari jarraipena emateko asmoz antolatu dute bigarrena. Ildo horretan, kongresuak «euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez jarduteko hitzaldiak eta solasaldiak» hartuko ditu bere baitan.
150 hizlari arituko dira
Lehendabiziko hura baina zabalagoa izango da bigarrena, «hala gaitegiz, nola kopuruz». Herrigintzako, kulturgintzako eta akademiako 150 parte hartzaile izango dira hiru egunetan Donostian, EHUren Carlos Santamaria Zentroan: «Askotariko gai eta formatutako 40 saiotan». Topaketa «akademiko-kulturala» izango dela aurreratu dute, unibertsitateko, kulturgintzako eta herrigintzako hizlariekin: Eneko Agirre, Xabier Barandiaran, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Roldan Jimeno edo Uratxe Retolaza aipatu dituzte besteren artean.













