Oianguren institutuko irakasle talde batek babesa eman die Zaldibiako ikasleei
Adierazpenean diotenez, Zaldibiako ikasleak beraienak ere badira eta haien eskubideak defendatzea "guztion" ardura da.
Oianguren institutuko atarian eskola garraio publikoaren alde egin zuten elkarretaratzea, irailean.Laida Goiburu Zaldibiako DBH3-4ko ikasleak, Ordiziako Oianguren BHI institutuan ikasten dutenak, eskola garraiorik gabe utzi ditu Hezkuntza Sailak. Horren harira, Oianguren BHIko irakasle talde batek “desadostasuna eta kezka” adierazi du ohar baten bidez. Honela dio adierazpenak hitzez-hitz:
“Oianguren BHIko irakasle talde baten adierazpena Zaldibiako ikasleen eskola-garraioaren inguruan.
Oianguren BHIko irakasleok gure desadostasuna eta kezka adierazi nahi dugu Zaldibiako DBH 3. eta 4. mailako ikasleei eragiten dien eskola-garraioaren murrizketaren aurrean.
Eskola-garraioa ez da ikasle eta familien erosotasunerako zerbitzu hutsa. Eskola publikora iristeko aukera eta hezkuntza-eskubidea bermatzeko oinarrizko baliabidea da, bereziki landa-eremuetako eta herri txikietako ikasleen kasuan.
Egungo egoeraren ondorioz, ikasleek eskolara lasai eta puntualtasunez iristeko zailtasunak dituzte. Irtenbideak egiturazkoa izan behar lukeela uste dugu, egiturazko erabakiak hartuz.
Horrela, Oianguren BHIko irakasleok Zaldibiako ikasle eta familiei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Gainera, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu egoera berriro aztertu eta beharrezko neurriak har ditzala eskola-garraio zerbitzua lehengoratzeko eta ikasle guztien joan-etorria modu egokian bermatzeko.
Era berean, azpimarratu nahi dugu gure ikasleen ongizatea eta hezkutza-eskubideak erdigunean egon behar direla. Eskola publikoa indartzeko, ez murrizteko, neurriak behar ditugu.
Oianguren BHIko irakasleok gure elkartasuna helarazi nahi diegu Zaldibiako ikasleei eta familiei, eta egoera honen aurrean egiten ari diren aldarrikapenarekin bat egiten dugu.
Zaldibiako ikasleak gure ikasleak ere badira. Haien eskubideak defendatzea guztion ardura da.
Ordizian, 2026ko urrian.”













