Ordiziako udal zerga eta tasetan %4,5eko igoera, 2027an
Gehiengo zabalarekin onartu ditu Ordiziako Udalak 2027rako Ordenantza Fiskalak. Ordizia Orainek igoerak justifikatzea eskatu du; emendakinak ez dira onartu.
Iragan ostiraleko ez-ohiko bilkurako irudia. Ordiziako Udala Ordiziako Udalak 2027ko ekitaldirako ordenantza fiskalak onartu zituen joan den ostiralean, urriaren 9an, egindako ezohiko osoko bilkuran. Udal tasa eta zergen eguneraketari buruzko proposamenek aurrera egin zuten, kontrako bi bozkarekin, eta datorren urtean indarrean izango diren irizpideak finkatu dituzte.
Oro har, %4,5eko igoera aplikatuko da, KPIaren bilakaerari lotuta. Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, eguneraketaren helburua da udalaren diru sarrerak zerbitzu publikoen kostuetara egokitzea, «udal zerbitzuak egonkortasunez mantendu ahal izateko».
Hondakinen tasari dagokionez, berriz, %4,5eko igoerari beste %3 gehituko zaio. Ezenarrok azaldu duenez, neurri hori duela hiru urte hartutako konpromisoaren barruan dago, hondakinen kudeaketaren kostua estaltzeko.
Igoerarekin, eztabaida
Ordizia Orain–Elkarrekin Podemosek hainbat emendakin aurkeztu zituen, zerga eta tasa bakoitzaren igoera berariaz justifikatu behar dela defendatuz. «Ez dugu esaten igoerarik ez denik egin behar; eskatzen duguna da igoera bakoitza justifikatzea, nori eragiten dion eta zergatik aplikatzen den azaltzea», azaldu zuen Viviana Murillo bozeramaileak. Taldeak, halaber, fiskalitate progresiboagoa eskatu zuen, herritarren ahalmen ekonomikoa gehiago kontuan hartuta, eta OHZren igoera ez aplikatzea proposatu zuen.
EH Bilduk, ordea, «proposamen alternatiborik» mahai gainean jarri ez izana leporatu zion oposizioari, eta hasierako proposamena defendatu zuen, udalaren gastuak handitu egin direla, eta ondorioz, diru sarrerak ere eguneratu behar direla argudiatuta. Era berean, hobari sistemek egoera ekonomiko ahulenean dauden herritarrei erantzuten dietela defendatu zuen.
Etxe-hutsen errekargua
2027ko ordenantza fiskalek hainbat aldaketa zehatz ere jasotzen dituzte. Horien artean dago Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) lotutako etxebizitza hutsen errekarguan onartutako salbuespen berria, energiaren eta uraren kontsumoan oinarrituko dena. Horrez gain, Bizigune programan etxebizitza bat sartzen duten titularren hobaria %99ra igoko da, alokairu sozialeko eskaintza sustatzeko.
Zerga turistikoa
Beste berritasunetako bat izango da 2027tik aurrera aplikatuko den egonaldi turistikoen gaineko zerga. Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako 3/2026 Foru Arauaren esparruan ezarriko da zerga hori, eta Ordizian araudiak ezarritako gutxieneko zenbatekoa aplikatuko da; neurri hori Goierriko 18 udalerriren artean koordinatuta ezarri da.
Ordizia Orainek, ordea, zalantzan jarri zuen eskualdeko irizpide bateratua Ordiziaren errealitatera egokitzea, eta gehienezko tarifa aplikatzea proposatu zuen.
Beste zergak eta tasak
Ordizia Orainek beste hainbat aldaketa ere proposatu zituen, besteak beste, ibilgailuen zergako hobariak zabaltzea, EIOZen energia eraginkortasunari lotutako neurriak eta plusbalioan egoera ekonomikoa kontuan hartzea. Azken horri dagokionez, EH Bilduk datorren urtera begira gaia lantzeko aukera zabalik utzi zuen.
Hondakinen tasaren %3ko igoera onargarritzat jo zuen Ordizia Orainek, «aurrez hartutako konpromisoari lotuta» dagoelako, baina ez zuen babestu %4,5eko igoera orokorra horri gehitzea. EH Bilduk, berriz, zerbitzuaren kostua urtero handitzen dela defendatu zuen.
Azkenik, udalekuen tarifaren %4,5eko igoera ere zalantzan jarri zuen Ordizia Orainek. EH Bilduk azaldu zuen familien laurden batek hobariak jaso dituela aurten, eta zenbait kasutan 90 euro inguruko tarifa 10 eurora jaitsi dela. Gobernu taldearen arabera, zerbitzua neurri handi batean diru publikoarekin finantzatzen da.
Ordizia Orainek aurkeztutako emendakinetako bat bera ere ez zen onartu eta udal gobernuaren hasierako proposamenek aurrera egin zuten, gehiengoarekin.













