Sormenezko argazkigintza lantzeko tailerra eskainiko dute Ordizian
Jabekuntza Eskolak TRANSFER sormenezko argazkigintza tailerra antolatu du astelehenean hasi eta urtarrileraino. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute.
Ordiziako Jabekuntza Eskolak, udalarekin elkarlanean, kultur dinamika berria abiarazi du: TRANSFER sormenezko argazkigintza tailerra. Mugikorrekin irudiak hartzen, argazki-konposizioa lantzen eta argazkien edizioen trebatzen ikasiko dute jardueretara hurbiltzen diren herritarrek. Sortutako irudiak, gainera, hainbat materialetara transferituko dituzte gero: harrira, egurrera edota oihalera. Ura Iturralde Larrañagak gidatuko ditu saioak, eta denera, zortzi saio egingo dituzte: astelehenean hasi, eta urriaren 19an eta urtarrilaren 11ra arte luzatuko dira.
Hauek izango dira lan-saioen datak eta orduak:
- Urriak 19 eta 26
- Azaroak 2, 9, 16 eta 30
- Abenduak 14
- Urtarrilak 11
Denak ala denak arratsaldean izango dira, 18:00etan hasita. Bi orduko iraupena izango dute eta Jabekuntza Eskolan bertan eskainiko dira. Saioetan parte-hartu nahi duenak, hala, aurrez izena eman beharko du udalak sare sozialetan eskegi duen karteleko QR kodearen bidez.













