Katxalinek Urretxu eta Zumarragako udaletxeak arrosaz jantzi ditu, Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna dela eta
Bihar diru bilketa egingo dute Euskadi plazan eta geltokietako plazan
Katxalinek, Gipuzkoako bularreko minbiziko eta minbizi ginekologikoko elkarteak, bat egin du datorren urriaren 19an ospatuko den Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Gaur Urretxuko eta Zumarragako udaletxeetan banderak jarri dituzte eta bihar diru bilketa egingo dute Euskadi plazan eta geltokietako plazan.
Katxalinek prebentzioaren, gizarte kontzientziazioaren eta ikerketaren garrantzia nabarmendu nahi du.
Bularreko minbizia emakumeen artean gehien diagnostikatzen den minbizi mota da. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, urtero 2,2 milioi kasu berri baino gehiago diagnostikatzen dira. Detekzio goiztiarra eta diagnostiko zein tratamendu egokiak jasotzea funtsezkoak dira gaixotasunaren bilakaera eta pazienteen bizi kalitatea hobetzeko.
Egun hau dela eta, Katxalinek norberaren gorputzeko aldaketei arreta jartzeko, alarma seinaleren bat antzemanez gero osasun profesionalengana jotzeko eta detekzio goiztiarreko programetan parte hartzeko deia egin du. Informazioa, prebentzioa eta jarraipen medikoa funtsezko tresnak dira gaixotasunari aurre egiteko.
Elkarteak ikerketaren garrantzia ere azpimarratu du. Ikerketari esker, bularreko minbiziari buruzko ezagutza handitu, tratamenduak hobetu eta gaixotasunak gizartean duen eragina murriztu daitezke. Ikerketaren aldeko babesa mantentzea ezinbestekoa da aurrera egiten jarraitzeko eta mundu osoko milioika pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.













