LAB sindikatuak EAEko hainbat eskualdetako eskola garraioan izandako murrizketak salatu ditu
Ordiziako Oianguren ikastetxeko komunitateak eta Zaldibiako gurasoek abiatutako protestak eta Plentziako eskola publikoko guraso elkarteak plazaratutako salaketak jarri ditu adibidetzat. Hezkuntza Sailari "lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaion" eskatu dio.
Eskola garraio publikoaren alde urriaren 21ean Ordiziako Oianguren institutuan egindako protesta bilkuraren argazkia. Laida Goiburu LAB sindikatuak azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatu ditu pentsa ohar bidez. “2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa”, nabarmendu du sindikatuak. Ordiziako Oianguren ikastetxeko komunitateak eta Zaldibiako gurasoek abiatutako protestak eta Plentziako (Bizkaia) eskola publikoko guraso elkarteak plazaratutako salaketak jarri ditu adibidetzat.
Sindikatuak adierazi duenez, biztanleria gutxiko eremuetan, Arabako Lautadan kasu, Eusko Jaurlaritza “lineak bateratzen” hasi da. “Erabaki horrek ibilbideak desagerrarazten ez dituen arren, bidaiak askoz luzeagoak eta nekagarriagoak egiten ditu, honek ikasleengan duen eraginarekin negatiboarekin; ikasleen ongizatean eta ikaskuntza prozesuan, besteak beste”.
Kezka hori ez dela berria azaldu du, azken ikasturteetan “hainbat izan baitira desagertutako ibilbide edota geralekuak, eta horrek guztiak lanpostuen galera ekarri du”. Erabaki horiek ikasle, familia eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatean “eragin zuzena” dutela dio. “Haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko ikasle eta familiak jotzen ditu bete-betean honek, eta are gehiago kaltetzen ditu premia bereziak dituzten ikasleak”. LAB sindikatuaren iritziz, Imanol Pradales lehendakaria buru duen gobernuaren “zerbitzu publikoen kudeaketa murriztailearen beste adibide bat” da. “Eskola-garraioa ez da bigarren mailako zerbitzua: hezkuntzarako sarbidea eta ikasleen eskubideak bermatzeko funtsezko tresna da, bereziki landa-eremuetan eta biztanleria sakabanatua duten udalerrietan”.
164/2023 Dekretua
“Egiturazko arazo honek” hainbat iturri dituela nabarmendu du. “Alde batetik 164/2023 Dekretuaren aplikazio zurruna dago. Dekretuak dio eskola garraio espezifikorako eskubidea izateko ikasleak ikastetxeetatik gutxienez 4 kilometrora bizi behar duela, kontuan izan gabe tokian tokiko ezaugarri edo bestelako aldagaiak. Beste kasu batzuetan, garraio publiko alternatiboa egotea jotzen du Eusko Jaurlaritzak eskola-garraio espezifikoa ez eskaintzeko argudio gisa, ibilbideen segurtasuna edota garraio publikoaren saturazioa kontuan izan gabe. Horri guztiari, zerbitzuaren lizitazioetan egon diren arazoak gehitu behar zaizkio. Izan ere, hainbat ibilbide esleitu gabe geratu dira”.
Zentzu honetan, LABentzat onartezina da Hezkuntza Sailak “hain garrantzitsua den zerbitzu publiko bat beren onura besterik bilatzen ez duten enpresa pribatuen eskuetan uztea”. Eskola-garraioa “oso sektore feminizatua” dela gogoratu du, eta emakumeek “kontratu eta lanaldi partzialekin eta lan baldintza prekarioetan” jarduten dutela. “Une honetan, euren lan baldintzak duintzeko borrokara loturik daude. Eskola garraioa defendatzea, lan baldintzak duintzeko borroka baino gehiago da, zerbitzu publikoak defendatzea da”.
Hezkuntza sailari eskaera
Horren guztiaren aurrean, LAB sindikatuak Begoña Pedrosak gidatzen duen Hezkuntza Sailari “lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaion” eskatu dio, “betiere alde soziala zein hezkuntza komunitatea aintzat hartuta”. Gainera, sindikatuak adierazi du “azken urteetan arazo honi lotuta egin den enpleguaren suntsiketaren aurrean gogor erantzungo” duela. Halaber, babes osoa adierazi nahi die kaltetutako hezkuntza komunitateei, eta elkarrekin lan egiteko prestasuna ere adierazi die familiei eta udalei.













