Nazioarteko txirrindulari onenak, Ormaiztegiko proban
Igandean jokatuko da Ormaiztegiko 54. Nazioarteko Ziklo Kros proba. Ion Izagirre eta Pello Bilbaoren azken lasterketa izango da. Omenaldia egingo diete biei, Lur Zufiriarekin batera.
Ormaiztegiko ziklo-kros proba, 2024ko urtarrilean.Josune Zarandona Datorren igandean, urriak 25, jokatuko da Ormaiztegiko 54. Nazioarteko Ziklo Kros proba. UCI C2 mailako txapelketa izango da eta ondorioz, mundu mailako txirrindulari onenak bilduko ditu berriz, Ormaiztegiko probak. Ion Izagirre eta Pello Bilbaorentzat euren ibilbide profesionaleko azken lasterketa izango da igandekoa. Lur Zufiria ormaiztegiarrak ere agur esan dio bere kirol ibilbideari eta hirurei omenaldia egingo diete lasterketaren amaieran.
Aldaketen urtea izan zen iazkoa Ormaiztegiko ziko kros probarentzat. Antolakuntza talde berria, data berria eta ibilbide berria estreinatu zituen. Aurtengoa iazkoaren segida izango da zentzu askotan, baina izango da aldaketaren bat edo beste Gorka Izagirre antolatzaileak aurreratu duenez.
Aldaketak ibilbidean
Aldaketa nagusietako bat ibilbideari dagokiona da. Iaz bezala, herrigunetik igaroko da aurten ere, baina bizikletak aldatzeko kontrolak lekuz aldatu dituzte: «Bi kontrol gune izan beharrean bakarra egongo da eta bikoitza, Itxune atzealdean eta horrek ibilbidean aldaketaren bat egitera behartu gaitu», azaldu du.
Anaiaren azken lasterketa etxekoa izatea izan da data zehazteko arrazoietako bat. «Ionentzat Ormaiztegiko lasterketa Lombardiako Giroa amaitu eta bi astera izatea mesedegarri zen, kirol maila mantentzea errazagoa delako hiru hilabete geroago izatea baino», azaldu du Gorkak. Urriaren hasieran izandako erorketaren ondorioz eskumuturra hautsita dauka oraindik, eta ez da ehuneko ehunean egongo, «gure asmoak atzeko atetik atera zaizkigu, baina bertan izango da».
Gainontzeko txirrindulariei dagokienean, Felipe Orts (Espainia) eta Yorben Lauryssen eta Kenay de Moyer belgikarren parte hartzea ziurtatuta dago gizonezkoetan.
Emakumezkoen lasterketa
Emakumezkoetan Lea Stern suitzarra edo Adele Hurteloup frantziarra ere Ormaiztegin izango dira. «Emakumezkoetan kanpotar gehien izango dugun urtea da hau; nesken amailako lasterketa izango da potenteena; egun berean Superprestige ziklo kros txapelketa garrantzitsua hasten da Belgikan eta arazo handiekin ibili gara puntako gizonezko txirrindulariak Ormaiztegira ekartzeko», azaldu du.
Junior mailako lasterkariak —neskak eta mutilak— 10:45ean aterako dira; Elite mailako emakumezkoak, 11:45ean eta Elite mailako gizonezkoak 13:05ean. Iaz bezala, streaming bidez eskainiko dute zuzenean lasterketa, Youtube kanalean.
Ormaiztegikoak irekiko du ziklo kros egutegia eta abenduan beste hiru proba jokatuko dira Goierrin: Gabirian (12), Seguran (13) eta Ataunen (19).













