Zergak %3,6 igoko dira Urretxun eta %1,9 Zumarragan
Urretxu eta Zumarragako udalek 2027ko ordenantza fiskalak onartu dituzte. Urretxun igoera %3,6koa izango da eta Zumarragan %1,9koa. Bai Urretxun eta bai Zumarragan, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute. EH Bilduri dagokionez, Urretxun abstentzioa eman du eta Zumarragan aurka bozkatu du.
Urretxun zerga, tasa eta prezio publiko gehienak %3,6 igoko dira, baina salbuespenak izango dira. Ondasun higiezinen gaineko zerga eta urarena ez dira igoko eta hondakinena %2 igoko da. Aipatzekoa da ere rokodromo berriko tarifak onartu zirela. Urtarrilaren 1ean irekitzea aurreikusten da. Sarrerak 6 euro balioko du, hileko abonuak 35 euro eta urte osokoak 300 euro.
EH Bilduk %2,9ko igoera proposatu zuen, azpiko KPIaren araberakoa. Gainera, sistema progresiboagoa defendatu zuen.
Zumarragan, berriz, zerga, tasa eta prezio publiko gehienak %1,9 igoko dira. Zumarragan ere salbuespenak izango dira. Uraren tasa eta zaborrarena ez dira igoko.
Zumarragan ere EH Bilduk %2,9ko igoera proposatu zuen eta sistema progresiboagoa defendatu zuen. PSE-EEk familien egunerokoa errazteko zergak gutxi igotzea erabaki dutela azaldu zuen eta EH Bilduk udal hauteskundeen gertutasunak eragina izan duela erantzun zuen.
Horretaz gain, bi herrietan egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu zuten. Zumarragan alderdi guztiek alde bozkatu zuten eta Urretxun EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Urretxun eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak esleitzeko kontratazio espedienteko pleguak ere onartu zituzten. Esleipen berriak eguneko zentroa 45 plazatara handitzea eta garraioa kontratuan txertatzea aurreikusten du. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Zumarragan, berriz, bizitegi eremu finkatuetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzeko ordenantza arautzaileari hasierako onespena eman zioten. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuten. Ordenantzak Artizeko, Legazpi auzoko, San Isidroko, Euskal Herria hiribideko, Antonino Oraako, Argixaoko eta Beloki hiribideko 31 lokal etxebizitza gisa egokitzea ahalbidetzen du.














