Keixpe musika zikloko bigarren kontzertua
Les Cuisinieres jazz taldeak joko du, igandean 12:00etan Zelai Arizti parkean
Urretxu-Zumarragako Kalegorrian kultur elkarteak Keixpe musika zikloa antolatu du udazkenerako. Urtea bukatu arte, kontzertu bat izango da hilero, azken igandean, 12:00etan.
Lehen kontzertua iraileko azken igandean izan zen eta bigarrena igande honetan izango da: Les Cuisinieres jazz taldeak joko du. Azaroaren 29an, Xabier Badiola kantugile eta gitarrista, eta Saguxar musikari eta ekoizlea. Eta abenduaren 27an, Gori Gori musika eta performance proiektua.
Asteburu honetako kontzertua Zumarragan izango da: kale giroa eginez gero, Zelai Arizti parkean; eta barru giroa baldin badago, Zelai Arizti aretoan, musikariak eta entzuleak eszenatoki gainean direla. Hurrengo biak, berriz, Urretxun izango dira: kalean bada, Aizpurunea kultur etxeko lorategian; eta barruan, udaletxeko atarian.
Les Cuisinieres talde berezia da. Hiru belaunalditako kideek osatzen dute. Pandemiaren garaian bildu ziren, bidegurutze batean elkar hartzen duten estiloak praktikan jartzeko: jazz tradizionala, zydecoa, Bayou rhythm and bluesa eta Mardi Graseko abestiak. Haien musikak New Orleansera garamatza.












