Ardiki Eguna, artzain bizitza erakusteko nahia
31. Mondeju eta 28. Aralarko Gaztaren Lehiaketak jokatuko dira Zaldibian. Ehungailua erabiltzen eta egurrezko aulkiak egiten dituzten artisau azoka egongo da.
Ardiki Eguneko Mondeju Lehiaketan epaileak heuren lanean, 2025ean.Iñaki Gurrutxaga Artzaintza, beste leku askotan bezala, «Zaldibiako ondarea» dela dio Josu Murua Ardiki elkarteko kideak eta egunaren antolatzaileetako batek. «Belaunladiz-belaunaldi pasatu den zerbait da».
Gaur egun, izateko eta bizitzeko modu hori galtzen ari bada ere urtero ospatzen dute Ardiki Eguna, eta igandean ospatuko dute aurtengoa. «Garai bateko artzainen bizitza nolakoa zen erakusteko», dio Ardiki elkarteko kideak.
Egunean zehar hainbat ekintza egingo dituzte herrian eta «gehienak ardikiari lotutakoak». Goizetik herrian giro alaia nabarituko da txistularien eta trikitilarien dianarekin hasita.
Bitartean, azoka hasiko dela dio Muruak: «Azokara gehienbat artisauak etortzen dira lantzen dituzten produktuak saltzera: bitxiak, gozoak… ». Horretaz gain, garai batean «telarra nola erabiltzen zen» eta «egurrezko aulkiak» nola egiten ziren erakusten duten artisauak ere joaten direla gaineratu du. Artisauez gain ganadu erakusketa ere egoten dela dio antolatzaileak.
Lehiaketek «pisu handia»
Ardiki Egunean azokara «jende asko» etortzen dela dio Muruak, baina «eguneko protagonistak» beste bi produktu omen dira: «Mondejua eta Aralarko gazta». Izan ere, bi jaki horien lehiaketa egoten baita. Aurtengoak 31. Mondejuaren eta 28. Aralarko Gaztaren Lehiaketak izango dira. Lehiaketetan izena emateko epea irekita egongo da ostiralera arte.
Lehiaketetan, urtero, gutxi gorabehera hogei partaide izaten direla «bakoitzean» aurreratu du Muruak: «Mondejuarenean 23 daude aurten eta gaztarenean 20 inguru». Bi lehiaketetako partaideei 25na euro ematen dizkiete «gastuak kubritzeko». Epaileak bederatzi izaten direla lehiaketa bakitzeko aurreratu du Muruak. Batzuk herriar adituak izaten dira, eta besteak inguruko sukaldari ezagunak. Igandean izango diren batzuk aurreratu ditu antolatzaileak: «Gaztarenean Javi Rivero, Rafa Gorrotxategi eta Eneko Azurmendi. Mondejuarenean Iban Mate».
Ardikia nagusi bazkarian
Lehiaketen sari banaketa amaitu ondoren bazkaria egingo dute herriko plazan. Bazkariko menuak ere den eguna errespetatzen du, «dena ardikia da»: «Mondejua, ardi errea piparrarekin eta aralarko gazta, kafea eta pattarrarekin». Muruak dio «200 bazkariko txartel» jartzen dituztela salgai, eta «ia denak saltzen dira normalean». Bazkalosteko erromeriarekin amaituko da 2026ko Ardiki Eguna.
EGITARAUA
10:30. Diana. Herriko txistulari taldeak eta trikitilariek alaituta.
Goiz osoan. Artisautza erakusketa: Ardi gazta eta mondejua egiten, ehungailua lanean, zesto edo aulkiak egiten… Artisau produktuen azoka eta ganadu erakusketa: Latxa arrazako ardiak eta ahariak, pottokak, ahuntz azpi gorriak…
11:00. Zaldibiako 31. Mondeju eta 28. Aralarko Gazta Lehiaketa. Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze bersolariak kantari bitartean.
13:15. Sari banaketa.
14:30. Bazkaria.
Bazkalostean erromeria. Niko eta Beñat.













