Goierri-Urola Garaia ESIko Zaintza Aringarri Pediatrikoen Unitateak aitortza jasoko du
Ekitaldian Urretxu eta Zumarragako Txost! musika taldearen 'Gehiago Gara' kanta abestuko dute
Larunbatean ekitaldia egingo dute Usurbilen, arduradun politikoei haurrentzako zaintza aringarriak errealitate izan daitezen lan egin dezatela eskatzeko. Ekitaldia 11:00etan izango da, Sutegi aretoan.Ekimenaren bultzatzaileak Hil Argi Elkartea eta Bizipoza Elkartea dira, Esku Hutsik Elkarteak, Heriotza Haurrekin egitasmoak, Bidegin Elkarteak eta Goizargi Elkarteak lagunduta. Eta eskaera publiko horrekin bat egiten ari dira beste hainbat elkarte.Kultur sortzaileei Zaintza Aringarri Pediatrikoak errealitate egiteko eskaera hedatzen laguntzeko eskatu diete, kultur sorkuntzek ere, zaintza aringarrien modura, haurren bizitzaren une gogorrenetan bizitza zabaltzen laguntzen dutelako.Ekitaldian zehar Gehiago Gara aitortzak banatuko zaizkie zaintza aringarri pediatrikoak garatzen lagundu dutenei. Aitortza jasoko dutenen artean Goierri-Urola Garaia ESIko Zaintza Aringarri Pediatrikoen Unitatea izango da. Osakidetzako HaurSare programaren antolaketa diseinatu duen lan taldeak, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Patologia Kroniko Konplexu Pediatrikoen Unitateak eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Patologia Kroniko Konplexuen eta Zainketa Aringarrien Unitateak ere aitortza jasoko dute.
Ekitaldia Urretxu eta Zumarragako Txost! musika taldeak bereziki sortutako Gehiago Gara kantarekin bukatuko da eta bertaratutako eragile guztiek eta familiek elkarrekin hamaiketakoa egingo dute.













