Josu Maroto margolariaren ‘Gouachelan’ erakusketa
Josu Maroto margolari urretxuarrak gouache teknikarekin egindako koadroen erakusketa ireki du Juan de Lizarazu aretoan. Gouachea tenperaren antzerakoa da. Marotoren koadroetan itsasontziak, animaliak, hondartzan dauden haurrak eta erretratuak ageri dira.
Marotok erakusketako lanak ariketa bezala egin dituela aipatu du. «Gouachea akuarelaren antzeko teknika da, baina opakoa. Lan hauek ariketa bezala planteatu ditut, argiaren bila egindako ariketa bat».
Margolan guztiak txikiak dira. Batzuk, oso txikiak: 10×10 zentimetroko baso-azpikoetan egindakoak. «Formatu txikian lan egiteak lan gehiago egitea ahalbidetzen digu. Obra bakoitzarekin zerbait ikasten duzu. Obra handi batean ari zarenean eboluzioa zailagoa da. Horrekin lotuta, kolore gutxi batzuekin lan egin dut. Etengabeko ikerketa bat izan da, medioak gutxituz».
Erakusketak lau zati ditu: hondartzako irudiak, animaliak, pertsonen irudiak eta barkuak. «Nik ateratako argazkietan oinarritu naiz, gehienbat. Hondartzako argazkiak Benidormen (Herrialde Katalanak), Cadizen (Espainia), Getarian, Bretainian eta Valentzian (Herrialde Katalanak) atera nituen. Pertsonen argazkiak herrian, Venezian (Italia), Nafarroan… atera nituen. Animaliei dagokienez, behiak hemengoak dira eta beste batzuk Internetekoak».
Gustura aritu da. «Egunero denbora gutxi duzunean, esfortzuak bideratu egin behar dituzu. Teknika eta motiboa baldin badituzu, ez duzu denbora galtzen: orain umeak hondartzan, orain barku serie bat… Gainera, egiten duzun heinean, zure lana fintzen ari zarela ikusten duzu».
Gouache teknika lantzen jarraitzeko asmoa du. «Oraindik badut zer garatu. Gouachea argiaren bilaketarako prozesu polita da. Gainera, oso era garbian lan egiten da. Koadro asko etxeko sukaldean egin ditut. Pintzelak urarekin garbitu ditzakezu».
Ikastaroa
Erakusketa egiteaz gain, urriaren 30ean gouache pintura ikastaroa egingo du. Juan de Lizarazu aretoan bertan izango da, 18:00etan. Erakusketa azaroaren 1ean itxiko da. Juan de Lizarazu aretoa asteartetik igandera irekitzen dute, 17:30etik 20:30era.













