ArcelorMittaleko langileak «haserre» daude enpresako zuzendaritzarekin
Abenduan bukatzen zaie hitzarmena, eta enpresari proposatu diotena atzera bota die zuzendaritzak, eta negoziazio eten du. LABek deituta bi orduko lanuztea egin dute.
ArcelorMittal multinazionaleko langileek, Olaberriko lantegiko LABek deituta, elkarretaratzea egin du 13:00etan, eta 15:00ak arte lanuztea. Enpresaren atean jarri dira Hitzarmen duina hemen eta orain! mezua jartzen zuen pankartarekin. Izan ere, Olaberriko lantegiko langileek aurreko astean aurkeztu ziotela zuzendaritza taldeari euren proposamena adierazi du Txema Etxabe LABeko ordezkariak: “Aurkeztu genion proposamenarekin gustura geunden, baina ostiralean enpresak proposamena atzera bota eta negoziazioak eten zituen”.
Enpresaren erabakia “harriduraz eta haserrez” hartu dutela langileek azaldu du Etxabek: “Hainbeste hilabete lanean aritu garen hitzarmenaren negoziaketa prozesuaren azken unean enpresak hartu duen jarrera atzerakoia eta zentzugabea iruditzen zaigu”. ArcelorMittaleko Olaberriko lantegiko zuzendaritza-taldearen jarrera aldaketa Espainiako lantegien eraginez izan dela nabarmendu du LABeko ordezkariak: “Gure proposamena beste negoziaketa mahai batzuetan agertu delako eta beste sindikatu batzuk kexatu egin direlako bota dute atzera”. Horren aurrean mobilizatu direnek argi dute Olaberriko lantegiko hitzarmena “bertakoek negoziatu” behar dutela, eta ez kanpokoek”.
Olaberriko ArcelorMittaleko arazo nagusia “enpleguarekin” dutela azaldu du Etxabek: “Lan-taldea oso zaharkitua daukagu eta berritu egin beharra daukagu”. Gaineratu du indar asko ari direla egiten “lankide zaharrenen aurre-jubilazioak lortzeko”. Horrek sorrarazi dizkie “liskar gehien”. Baina, hori guztia “bideratuta” zutela uste zuten eta une honetan prozesua “bypassean” dagoela esan du LABeko ordezkariak. “Gure lehentasunak soldatak eta lan jardunaldiak dira, baina une honetan lantegiko arazorik handiena lan-taldea ez berritzea da”.












