Beasaingo La Sallek lehen saria lortu du Zientzia Martxan azokan
Ikasleek laborategiko laginak, hodiak eta mikroskopioa erakutsi dizkiete bisitariei, eta aurkezpen bat ere eskaini dute auditorioan. Hamar bat ikaslek hartu dute parte.
La Salleko ikasleak haien standean.La Salle Beasaingo La Salle ikastetxeak STEAM kategoriako lehen saria jaso du Zientzia Martxan (Ciencia en Acción) ekimenean. Donostiako Kursaalen egin da azoka horren 27. edizioa, joan den asteburuan. Hainbat herrialdetako 300 parte hartzaile inguruk 66 proiektu aurkeztu dituzte. 2026ko Elhuyar Zientzia Azokan Miren Pelaez irakasleak jasotako sariari esker izan du aukera La Salle ikastetxeak azokan egoteko.
STEAM kategorian, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematiketako bokazioak sustatzeko, zuzenean egin dituzte erakustaldiak parte hartzaileek. La Sallek Equipo, compromiso y mente crítica: la fórmula IDEAL izenburuko standa aurkeztu du, bost faseko IDEAL metodologian oinarrituta: identifikatu, definitu, esploratu, jardun eta lortu. Ikasleek laborategiko laginak, hodiak eta mikroskopioa erakutsi dizkiete bisitariei, eta aurkezpen bat ere eskaini dute auditorioan. Hamar bat ikaslek hartu dute parte.
Ikastetxeak adierazi du “irakasle eta ikastetxeko komunitate osoaren lanaren emaitza” dela saria. “STEAM hezkuntzaren bidez, ikasleak galderak egitera, probatzera, sortzera eta elkarlanean aritzera animatzen ditugu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak eskainiz”.













