Biometano plantari buruzko mahai-ingurua egingo dute Beasainen
Asteazkenean da, 18:30ean hasita. Gerard Batalla landa-eremuko aktibista eta baserritarra, Fran Ioldi nekazari, aktibista eta kaltetua, eta David Garcia abeltzain eta kaltetua izango dira hizlariak. Baserritar Bilguneak antolatu du Naturkonen laguntzarekin.
Caparrosoko (Nafarroa) biometano plantaren irudi bat. Sustrai Eraikuntza Fundazioa ArcelorMittal eta CAF enpresek eraiki asmo duten biometano plantari buruzko mahai-ingurua egingo dute bihar, asteazkena, Beasaingo udaletxeko areto nagusian, 18:30etik 20:30era. Biometanizazioa, energia-iturri berriztagarria? Minden eta hondakin organikoen kudeaketa eztabaidagai da mahai-inguruaren izena. Baserritar Bilguneak antolatu du Naturkonen laguntzarekin.
Baserritar Bilguneak bideratuko du, eta gaztelaniaz izango da. Gerard Batalla (Camp de la Sentiu de Sió) landa-eremuko aktibista eta baserritarra, Fran Ioldi (Nafarroa Garaia) nekazari, aktibista eta kaltetua eta David Garcia (Kantabria) abeltzain eta kaltetua izango dira hizlariak.
Baserritar Bilguneak ohar bidez adierazi du biometanizazio-planta eraikitzeko egitasmoak “teknologia horrekiko interesa eta kezka” sortu dituela Goierrin. Hondakin organikoen kudeaketa “beti auzi zaila izan” denez, “izan etxekoak, abeltzaintzak sortutako minda edota araztegietako lokatzak”, horien guztien kudeaketa “osasun eta ingurumen ikuspegitik arduraz landu beharreko arazoa” dela aldarrikatu du.
Bilgunearen esanetan, proiektuaren beharra “abeltzaintzan sortutako minden aitzakiarekin eta industriak sortutako isurien deskarbonizazioarekin justifikatu nahi” da, eta horregatik teknologia horri buruzko argibideak ematera gonbidatu ditu Baserritar Bilguneak horrelako plantei buruzko auziak ezagutzen dituzten abeltzain eta nekazari aktibistak.
Nekazal eremuetan biometanizazioarekin izandako esperientziak ezagutzera gonbidatu ditu Olaberrikoak ez ezik, Goierriko biztanleak: “Teknologia honen nondik-norakoak ezagutzea ezinbestekoa delako Olaberrikoa bezalako proiektuei buruzko iritzi fundatuak izateko”.












