Legorretako EAJk herritarren iritzia jaso nahi du 2027-2031 agintaldiari begira
Herriko beharren eta lehentasunen inguruko galdetegia jarri du martxan, eta hura betetzera gonbidatu dituzte herritarrak. Azaroaren 6an amaituko da epea.
Legorretako EAJren zerrendakideak 2023ko udal hauteskundeetarako. // Argazkia: Legorretako EAJ Legorretako EAJk herriko beharren eta lehentasunen inguruko galdetegia jarri du martxan, herritarren iritziak jaso eta datozen urteetarako udalerrian landu beharreko ildo nagusiak zehazteko. Jeltzaleek herritarrak inkesta betetzera animatu dituzte, «guztion artean pentsatzen duguna ahalik eta modu zabalenean» islatu dadin.
Legorretako hainbat arlori buruzko galderak biltzen ditu galdetegiak, eta jakinarazitakoaren arabera, herritarrek euren iritzia emateko nahiz udalerrian lehentasunezkoak diren gaiak zehazteko aukera izango dute. Antza, ekimenaren helburu nagusia da 2027-2031 agintaldiari begirako «ildo nagusiak markatzea», herritarren ekarpenak abiapuntu hartuta.
Inkesta betetzeko, herritarrek alderdiaren blogean eskuragarri dagoen galdetegira jo beharko dute.
EAJk aurreratu duenez, dagoeneko «dozenaka lagunek» bete dute galdetegia, baina parte-hartzea handitzen jarraitzeko deia egin du. Galdetegia betetzeko epea, hala, azaroaren 6an amaituko da, iluntzeko 20:00etan, eta behin epea amaituta, galdetegian jasotako emaitzak argitara emango dituzte.












