Nagusilaneko bost boluntariori aitortza egin diete Urbiberri zentroan
Jose Moure, Paco Gorrotxategi, Daniel Agirre, Patxi Plazaola eta Federico Fernandezi boluntario gisa adineko pertsonei laguntzen egin duten lana aitortu diete.
Paco Gorrotxategi, Daniel Agirre, Jose Moure, Patxi Plazaola eta Federico Fernandez, oroigarriekin.Laida Goiburu Beasaingo Nagusilan elkartean lanean aritu diren bost boluntariori omenaldia egin diete Urbiberri gizarte zentroan egindako ekitaldian. Jose Moure, Paco Gorrotxategi, Daniel Agirre, Patxi Plazaola eta Federico Fernandezi boluntario gisa adineko pertsonei laguntzen egin duten lana aitortu diete, eta oroigarri bana jaso dute horren adierazgarri.
Plakak banatzean, Nagusilaneko ordezkariek “lanean eta laguntzen jarraitu ahal izatea” opatu diete kideei. “Nahikoa lan egin duzue, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu adineko pertsonen izenean, astearte eta ostegunetan paseoan eta kafea hartzera ateratzen direnen izenean”.
Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Nagusilan, boluntarioz osatua. Nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntzea du helburu, baita zahartze aktiboa sustatzea ere, laguntza sozialeko eta afektiboko beharrak betez. Patxi Plazaola boluntarioak azaldu duenez, lehen “ekintzak zabalduta” zituzten Beasaingo Nagusilaneko boluntarioek, eta banaka tratatzen zuten adinekoekin. Baina ohartu ziren “talde lana oso inportantea” dela, eta horregatik, gaur egun astearte eta ostegunetan taldean erresidentziako eta eguneko zentroko kideekin elkartzen dira. “Erresidentziako eta eguneko zentroko arduradunek erabakitzen dute zeintzuk diren gai ateratzeko, eta ordu eta erdi pasatzen dute gurekin, kafe bat hartzen dute eta paseoak ematen dituzte, hori da lan nagusia”. Horretaz gain, elikagai bilketa ere egiten dute; Beasainen Nagusilan arduratzen da horretaz.
Bi norabidetako asetzea
Haiek adinekoei laguntzen diete, baina boluntarioak nabarmendu du adinekoek boluntarioei ere laguntzen dietela, bi norabidetako asetzea dakarrela: “Ze gustura joaten ginen eta diren adinekoen irribarrea ikusteko. Haiek hotel onenean daude, baina kartzela bat da, eta orduan gustura ateratzen dira. Irribarre egiten dute eta guk ere bai”.
“Gustura” hartu du omenaldia Plazaolak, baina lanean jarraitzeko asmoa agertu du: “Beste erritmo batean baina lanean. Hurrengoak ere langile amorratuak dira eta gustura egiten dute lan”. 2011. urtean hasi zen boluntario Nagusilanen, alkatetza utzi zuenean –2003tik 20011ra Beasaingo alkate izan zen–. Egun, 22 boluntariok osatzen dute elkartea Beasainen, Plazaolaren esanetan, “gehienak gizonezkoak, Gipuzkoan ez bezala”. Osasunak ahalbidetzen dien bitartean, laguntzeko prest egongo dira. “Eta osasuna mantentzeko saltsa hau behar dugu, gizarteratzea”.

Omendutako boluntarioak, udal ordezkariak eta Urbiberriko zuzendaritzako kideak.Laida Goiburu












