Ordiziako 41. Barroko Aire Zikloa igandean hasiko da
Aurtengoan ere, azaroko bost igandeetan emanaldi bereziak izango dira Ordiziako parrokian, dohainik.
41. edizioaren aurkezpeneko irudia. Izaro Villarreal Badator azaroa eta bost igandetan Barroko Aire musika zikloa izango da Ordiziako elizan, 18:30ean. 41. edizioa da aurtengoa eta iazko urteurrena ospatzeko baliaturiko formatuari eutsiko diote aurtengoan ere: hilabete osoan luzatuko diren bost emanaldi hartuko ditu Ordiziak. Izaro Intsausti Kultura teknikariak eta Manex Berzosa Kultura zinegotziak eman dute gaur Ordiziako Barrena jauregian aurtengo edizioaren berri, zenbait eragiletako herritarrekin batera. Beste behin ere, publiko guztiarentzako «gozagarria» izango den egitaraua prestatzen ahalegindu direla ziurtatu du Intsaustik.
Bost emanaldi berezi
Ordiziako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako zikloa izaten da eta igande honetan emango diote hasiera, azaroaren 1ean. Matias Sagreras organistaren kontzertu berezi baten emanaldiaren eskutik.
Azaroaren 8an, berriz, Musbika taldeak Garairik gabeko gitarra proposamena ekarriko du Ordiziara. «Hainbatetan etorri izan dira eta herrian oro har, proposamen erakargarria izaten da, eta aurtengoan ere espero dugu hala izatea», azaldu du Intsaustik.
Azaroaren 15ean, Oiasso Kameratak Valentin Larrea Iturbe gabiriarraren 150. urteurrena dela eta, konpositoreari lotutako ganbera-musika aurkeztuko du. Larrearen bilobak, Berazadi-Larrea familiak, 2019az geroztik ari dira aitona zenaren lana eta bizitza berreskuratu nahian, eta prozesu horren guztiaren emaitza gisa ondu dituzte ‘Ahanzturatik itzulia’ dokumentala eta liburua. Ikus-entzunezkoa Aitor Arruti zinegile andoaindarrak zuzendu, eta liburua Aimar Maiz kazetari gabiriarrak idatzi du. Hala ere, Ordiziako parrokiako kontzertua ez da urteurrenaren harira herrian bertan egingo den ekitaldi bakarra izango: azaroaren 6an, dokumentala eta liburua aurkeztuko dituzte D’elikatuz zentroan.
Zikloak aurrera jarraituko du azaroaren 22an, Euskal Barrok Ensemble eta Oroith Txiki Ordiziako abesbatzaren parte-hartzearekin. Azkenik, azaroaren 29an, Emotio eta Easo Sinfoniettak Magnificat lana interpretatuko dute, Kim André Arnesenen musikarekin.












