Legazpiko Burdinola elkarteko kideen erakusketa Mineralogia eta Paleontologia Astean
Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 38. edizioa martxan da. Larunbatean Jaizkibelera txangoa egin zuten eta atzo udaletxeko portaloiko erakusketa inauguratu zuten. Aurtengoa Legazpiko Burdinola elkartearekin batera antolatu dute. Burdinolaren zeregin nagusietako bat burdinak gure gizartean izan duen presentziaren berri ematea da eta Mineralogia eta Paleontologia asterako Burdinaren inguruan erakusketa prestatu dute. Burdinolako bost kideren lanak ikusi ahal dira: Aitor Martinez Lopez de Arbina ebanista, Juan Mari Burguera eskultore zeramikaria, Ricardo Mediavilla errementaria, Gorka Salmeron argazkilaria eta Mikel Babiano Lopez de Sabando itzultzailea. Azken honek burdina hitza erro bezala duten hitzei buruzko lan didaktikoa egin du. Mediavillak egindako lanean artean, berriz, San Joan itsasontzirako egindako iltzeak ikus daitezke. Salmeronen argazkietan Patrizio Etxeberria fabrika ageri da eta Burguerak bere artelanak eraman ditu erakusketara. Martinez egurrarekin lan egiten du, baina erakusketako lanak burdin itxura dute burdina oxidoa eman dielako. Martinezek Espainiako artisautza saria irabazi du.
Gainera, burdinezko eta nikelezko meteorito bat eta San Luisen Ehun Mila semeek borrokan erabilitako kanoi bala bat ikusi ahal dira. Kanoi bola Iñaki Irisarrik utzitakoa da eta Salmeronen argazkiak Lenburrek utzitakoak. Erakusketa 17:00etatik 20:00etara irekiko da astelehen, astearte, asteazken eta ostegunean eta 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ostiral, larunbat eta igandean.
Atzoko ekitaldian Urretxuko Udalak oroigarriak oparitu zizkien bost artistei eta erakusketarako argazkiak utzi dituzten Mertxe Urkiolari, Miguel Angel Perezi eta Lenburreko Agurtzane Elustondori.













