Udazken sasoia nabarmentzeko, egitarau berezia azokan
[ARGAZKIAK] Garaiko produktuekin osatutako bi saski zozketatu dituzte azokako ekoizleen postuetan erosketak egin dituztenen artean.
Zozketako saskian sartutako produktuetako batzuk.Laida Goiburu Ezohiko ekintza batzuekin egin dute gaur astearteko azoka Beasainen. Lehen errezil sagar eta barazki lehiaketak egiten ziren garai honetan, baina lehiaketa horiek jarraipenik ez dutenez eta udazken sasoia nabarmentzeko, baserritarren eta ekoizleen lana balioan jartzeko eta kontsumitzaileek bertan eros dezaten bultzatzeko helburuarekin, egitarau berezia prestatu du udalak aste honetako azokarako.
Eguraldiak lagundu du, bero zegoelako eguerdi partean, eta jende dezente gerturatu da azokako ekoizleen postuen inguruetara, Loinazko San Martin plaza azpira. Kaxolako Iker Markinez sukaldariak azokako produktuekin azelga beteak prestatu ditu, eta nahi izan duenak dastatzeko aukera izan du, pintxotan. Minbre lanketa eta talo tailerrak ere izan dira. Trikitilariek eta pandero jotzaileek alaitu dute giroa.
Garai honetako produktuak ikusgai jarri dituzte mahai batean plaza azpiko sarreran eta, ondoren, 12:30 inguruan, produktu horiek guztiak bi saskitan sartu eta zozketatu egin dituzte azokako ekoizleen postuetan erosketak egin dituztenen artean.












