Aralarren kudeaketan neurriak hartzeko eskatu du Aralar Bizirikek
Kudeaketan eskumena duten administrazioei, mankomunitateari eta aldundiari exijitu die. Plataformaren arabera, motordun ibilgailuen trafikoa nabarmen handitu da azken aldian, «bai pistetan, bai pistetatik kanpo»
Aralarren ibilgailuei zabaldutako bideetako bat, irudian. Aralar Bizirik Aralarko egoerak «gero eta okerragoa» izaten jarraitzen duela salatu du Aralar Bizirik plataformak. Urte hasieratik hainbat alderditan sumaturiko arazoak bildu ditu komunikabideetara bidalitako oharrean, eta bereziki jarri du arreta motordun ibilgailuen trafikoaren areagotzean, lehorteak abeltzaintzan izan dituen ondorioetan eta naturaren babeserako neurri batzuen egoeran.
Plataformaren arabera, motordun ibilgailuen trafikoa nabarmen handitu da azken aldian, «bai pistetan, bai pistetatik kanpo». Egoera horren arrazoietako bat Mankomunitateak zirkulazio baimenen sistema aldatu izana dela uste du. Orain arte, baimena pertsonak jasotzen zuen, txartel izendun baten bidez; gaur egun, berriz, ustiategiek jasotzen dute, erabiltzaileak identifikatu beharrik gabe. Aldaketa horrek ordenantza urratu, eta «iruzurra egiteko ateak irekitzen» dituela ohartarazi du Aralar Bizirikek.
Horrez gain, ibilgailuen joan-etorriek, bereziki pistetatik kanpokoek, lurzoruaren higadura areagotu eta «belardi eremuak» suntsitzen dituztela dio, artzaintzarako erabilgarri dagoen lur azalera murriztuz. Bide beretik, Liztor iturritik gora, Gañeta eta Beleku mendien artean, ibilgailuentzako «bidea» ireki izana salatu du, eta azalpenak eskatu dizkie administrazioei.
Lehortea eta abeltzaintza
Bestalde, aurtengo udako lehorteak Aralarko abere ustiategietan izandako eragina salatu du. Plataformaren arabera, «aldaketa klimatikoak hortzak erakutsi» ditu aurten, eta Aralar «basamortu» bilakatu da. Horrek abeltzainen egoera «nabarmen hondatu» duela dio.
Egoerari aurre egiteko hartutako neurriak ere kritikatu ditu. Kamioien bidez ura goi-larreetara eraman izana hartu du adibidetzat, eta lehorteak sortu duen arazoa «konpondu gabe» geratzeaz gain, lurzoruaren higaduraren arazoa «areagotu» egin dela azaldu du. Aralar Biziriken ustez, Mankomunitateak aurrez zehaztu behar luke nola jokatu horrelako egoeren aurrean.
Bide batez, abelburuen gainkargak sortzen duen arazoari heltzeko eta zuhaitz eremuak handitzeko ere eskatu du. Dioenez, neurri horiek «higadura motelduko» eta abelburuen «estres termikoa» arintzen lagunduko lukete.
Babes neurrien egoera
Ingurumenaren babesarekin lotutako beste hainbat neurri ere behar bezala mantentzen ez direla dio Aralar Bizirikek, Alotzako hezeguneetan anfibioak babesteko jarritako hesiak, kasu: «Urteetako lanak hondatzen ari dira eta anfibioak egoera zurgarrian daude».
Horren aurrean, Aralarko baliabide naturalak balioan jarri gabe jarraitzen dutela uste du plataformak, eta gogorarazi du eremua «babestutako espazioa» dela. Hala, Enirio-Aralarko mendi publikoaren kudeaketan eskumena duten administrazioei, Mankomunitateari eta Foru Aldundiari, neurriak hartzeko eskatu die plataformak. Zehazki, «ordenantza saihestuz iruzurra egiteko ireki den atea ixtea», ingurumenari kalte egiten dioten jarduerak eragoztea eta dagoeneko eragindako kalteak konpontzea eskatu du.












