Gazte Festetako otorduetan izena emateko azken eguna, gaur
Lazkaoko IX. Gazte Festak ospatuko dituzte asteburuan. Ostiralerako eta larunbaterako hainbat ekintza antolatu dituzte.
2022ko Lazkaoko Gazte Festak.Lazkaoko Gazte Asanblada Lazkaoko IX. Gazte Festak izango dira asteburuan Nork agindu du mundu kolore bakarra, egunero atera ahal bada ostadarra lelopean. Bertso afarirako eta larunbateko bazkarirako izen-emateko azken eguna gaur da.
Ostiralean txupinazoarekin hasiko dira jaiak Herriko tabernan, 19:00etan. Jarraian, Jundajo txaranga ibiliko da Lazkaoko kaleetan zehar. Ondoren, bertso afaria egingo da Gerriko elkartean, June Aiestaran, Ane Beloki eta Aratz Igartzabal bertsolariekin. Afalostean Dj Perdonis arduratuko da gaueko musika jartzeaz.
Larunbata baso berezien poteoarekin hasiko da 13:00etan. Ondoren, bazkaria eta bingo musikatua egingo dituzte. 19:00etan, berriz, Elektrotxufla elektrotxarangaren saioa izango da. Gaueko kontzertuak Bad Sound System, Balantza erromeria eta Dj Alloxelets izango dira, 22:00etan. Kontzertuen ondoren, III. Takoi lasterketa egingo dute.
Igandean desmontajea egongo dela jakinarazi du, bere instagram kontuan, Lazkaoko Gazte Asanbladak. “Denok izaten dugu ajea” mezuarekin batera.













