‘La Regenta’ filma grabatzen ari dira Segurako Markesanen
Grabazioak hasi dituzte dagoeneko Seguran, XIX. mendeko eraikin honetan. Mugimendua handia bada ere, hermetismo handiarekin ari dira lanean. Ester Exposito aktore ezaguna da filmaren protagonista nagusia.
Alustiza jauregia edo 'Markesane' Segurako herrigunean. Hitza Netflix plataforma digitalak La Regenta filmaren grabazioa hasi berri du; hala eman zuen jakitera pasa den astean prentsa ohar baten bitartez. Leopoldo Alas Clarin idazlearen klasikoaren moldaketa bat izango da filma eta Mar Coll-ek zuzenduko du, “Espainiako literaturaren klasiko hau ikuspuntu feminista batetik berrinterpretatuz”. Ester Exposito aktoreak emango dio bizia Ana Ozores La Regentako protagonistari.
Grabazioak hasita daude dagoeneko, eta Segurako Markesane etxea da film honetarako aukeratutako lokalizazioetako bat. Egun hauetan mugimendua nabaria da Seguran, baina filmaren grabaketa hermetismo handiarekin ari dira egiten; ez herritarrei ez prentsari ez diete bertara gerturatzea baimendu.

Maria Zamora filmeko ekoizlea, Ester Exposito aktore protagonista eta Mar Coll zuzendaria, Netflixek zabaldu duen promoziozko irudi bakarrean.
Alustiza jauregia
Seguran Markesane bezala ezagutzen da Alustiza jauregia. Eraikina Alustiza familiak eraiki zuen XIX. mendean, harlanduz egina da eta estilo eklektikoa nabarmentzen da. Herrigunean kokatuta dago, plazatik eta elizatik gertu. Eraikin exentua da, lauki itxurako oinplanoa duena. Sotoaz gain, beheko solairua, bi altuera eta ganbara dauzka bi isurialdeko teilatupean. Fatxada nagusiak baoz osatutako lau ardatz dauzka.
Ezkerraldean, bi isurialdeko bi gorputz daude. Hor, pilastrez gain, azpimarragarriak dira: lehenengo solairuan ganbara argitzen duen erdi puntuko arku germinala eta pixka bat beheratutako arku-multzoa. Eskuinaldean, fatxada nagusian ikus daitekeen baoz osatutako banaketa bera dago. Hala ere, ez dauzka hark dituen apaingarriak. Jauregiaren inguruan dagoen lorategiak bere ezaugarri arkitektonikoak azpimarratzen ditu.
Alustizatarren arrastoa
Alustiza leinua Segurako ongile familia izan zen, pasa den uztaileko alean, Txantxangorri aldizkariak argitaratu zuenez. Braulio Alustizak hainbat dohaintza egin zituen, “parrokiarako argi-armiarma eta koruko aulkiak, baita Ama Birjinaren Koroatzeari eskainitako elizako atari neoklasikoa ere, Esteban Zurbanorekin batera”, argitalpen berak adierazten duenez.
Haren seme Juan Maria Cornelio Alustizak eta Carmen Ugarte emazteak ere dohaintza bidez berreskuratu omen zuten herriko armarri zaharra ere. Hauen alabek ere familiaren lerroa jarraitu zuten eta, besteak beste, “lur sailak eman zituzten kirol instalazioak eta eskolak egiteko, baita parrokiako beharretarako dirua ere”. Sendiari esker ona adierazteko Segurako Udalak Herriko Alaba izendatu zituen 1998an.












