Erramun Amundarain gogoratzeko herri omenaldia, larunbatean
Kantu bazkaria egingo dute haren omenez, hainbat eragilek elkarlanean antolatuta.
Erramun Amundarian, 2022an, Segurako Elorri elkartean, 'Goiberri' aldizkariari eskainitako elkarrizketan.Gorka Gomez Erramun Amundarainen omenez, kantu bazkaria egingo dute larunbatean Ordizian. 2025eko urriaren 31n hil zen Itsasondon jaiotako ordiziarra, eta hark herrigintzan egindako ibilbidea gogora ekarri nahi dute heriotzaren urteurrenean. Goierri Eskolako irakasle eta HBko zinegotzia izana, baina batez ere herrigintzako aktibista nekaezina izan zen Amundarain: «Saltsa guztietako perrexila».
Herrigintzari lotua
Amundarain ezaguna izan zen, bereziki, herrigintzari eta kulturari egindako ekarpenagatik. Laguntasuna Errondailako musikaria izan zen, eta ehunka herri bazkaritan aritu zen sukaldari lanetan ere. Hori dela eta, kantua eta bazkaria ekarriko dituzte larunbateko herri omenaldira.
Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira herritarrak Herrikoan, eta handik kantu poteoari ekingo diote. Ondoren, Tximista sagardotegira joango dira, eta bertan egingo dute bazkaria. Larunbatean kantuak eta musika ez dira faltako, Kuxkuxtu txarangak, Kantazak Ordiziak eta Laguntasun Rondailako kideek girotuko baitute eguna.
Txartelak
Bazkarira bertaratu nahi duenak txartelak eskuragai dauzka Herriko, Kirkil edota Amonane tabernetan. Helduek 35 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, berriz, 16 euro.












