Hogeita hiru sortzaile Aramako artisau azokan
Larunbatean 10:30ean hasiko da, eta 14:30ak arte iraungo du, herrigunean. Hainbat tailer ere izango dira, sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko.
Herritarren, artisauen eta inguruko herrietako bisitarien arteko topagune bihurtuko da larunbatean Aramako herrigunea, udazkeneko artisau azokaren estreinaldian. Aurrenekoz egingo dute udazkenean halako artisau azoka, hainbat herritarren ekimenez eta udalaren zein Gaztaintxota kultur elkartearen lankidetzarekin. Beste behin ere sormenaren erakusleiho izango da Aramako herrigunea, 10:00etatik 14:30era.
Dena den, ohiko formatuari buelta bat ematea erabaki dute ekimen berri honetan. Ana Gorostizu artisau aramarra da antolatzaileetako bat, eta jakinarazi duenez, artisauen postuekin produktu ezberdinak herritarren eskura jartzeaz gain, helburu bikoitza izango du larunbateko topaketak: herritarren elkargune izatea eta postuetako bakoitzaren atzean dagoen artisauen lana ikusaraztea.
Tailerrak eta gehiago
Horretarako, hainbat jarduera prestatu dituzte larunbaterako. Tailer txikiak egingo dituzte, eta artisauak beren lanean zuzenean ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Guztira, 23 artisauk parte hartuko dute azokan, eta horietatik hiru dira aramarrak: Ana Gorostizu (Mairi), Manu Unanue eta Valentina Yañez (Cinamon).
Bertako hiru artisauak ez ezik, beste hainbat sortzaile ere arituko dira tailerrak eskaintzen. Unanuek saskiak egiten erakutsiko du; Gorostizuk, berriz, negurako aproposak diren bi rolo egingo ditu. Pili Gereñuk teilak eta lore lehorrak erabiliz egiten duen lana erakutsiko du, eta Betzaida Urtazak panpinak nola egin azalduko du. Horrez gain, haurrentzako aurpegi pintaketa ere izango da.
Antolatzaileek herritarrak ez ezik inguruko herrietako goierritarrak ere larunbatean Aramara gerturatzera gonbidatu dituzte, artisautzaz gozatu eta sortzaileen lana gertutik ezagutzeko.
ARTISAUAK
- Mairi: Kosmetika naturala.
- Cinamon: Makramezkoak.
- Ilena: Eskuzko poltsak.
- Kurkubi: Eskulanak.
- Ehunduz: Amantalak, jantziak…
- Manu Unanue: Bere produktuak.
- Pili Gereñu: Lore lehorrak.
- Almanak: Bitxiak.
- Igor Aramendi: Harizko koadroak eta makramezko lepokoak.
- Josune Sukulentakin: Landareak.
- Muagi: Bitxi apaingarriak.
- Ohshamli: Ilustrazioak.
- Itzala: Ilustrazioak.
- Eskuen magia: Panpinak.
- Sualma: Egurrezko jostailuak.
- Izaskun: Gantxilloa.
- Artzabaltza: Barazki ekologikoak.
- Maite Maitia: Zeramika.
- Ametsgile: Liburuak.
- Kaxena: Kandelak.
- Laubitxiak: Bitxiak.
- Ramon Gostizuren Lanak.












