Indarrez dator Kulturen arteko topaketaren hamargarren edizioa
Datorren astelehenean hasi eta azaroaren 7ra arte, askotariko jarduerak egingo dituzte Ordizian. Munduko Arrozen eguna azaroaren 7an da, hamaika herrialdek hartuko dute parte. Txartelak salgai daude.
Kulturen Arteko X. Topaketaren aurkezpeneko irudia.Laida Goiburu Ordizia Kolore egitasmoaren ekimenez antolatzen den Kulturen arteko topaketak edizio berria hartuko du beste behin Ordizian. Datorren astelehenean, azaroaren 2an hasi eta jarduerez beteriko zazpi egun izango dituzte, azaroaren 7ra arte luzatuta. Ordizian elkarbizitzen diren jatorri eta kultura ezberdinak hobeto ezagutu eta harremanak bultzatzea da egitasmo honen helburu nagusia. Urtetik urtera, gero eta parte hartze handiagoa duen egitasmoa da, besteak beste, Munduko Arrozen Egunean, 450 lagun inguru elkartzen dira herri bazkarian. Topaketa berriz ere posible egin duten eragile guztiak eta udala elkartu ziren atzo arratsaldean Plaza Nagusian, hamargarren edizio honen berri emateko.
Hamar urteko ibilbide honetan, topaketak herriko egutegian bere lekua egin du, kultura eta jatorri ezberdinetako herritarrak elkartzeko eta partekatzeko gune gisa. Ainhoa Jimenez Ongizate, berdintasun eta heziketa zinegotziak, hala, herritarren lana eta konpromisoa eskertu nahi izan ditu: «Ekimen hau ez litzateke posible izango herritarren, elkarteen eta eragileen parte-hartzerik gabe, eta eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan egindako lanagatik».
Hamaika jarduera
Egitarau zabala antolatu dute aurten ere. Kolore-truk merkatu txikia egingo da azaroaren 2tik 6ra D’Elikatuzen, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Azaroaren 2an eta 4an, gainera, arratsaldez ere zabalik izango da, 17:00etatik 19:00etara.
Egitarauak, besteak beste, arrazakeriari buruz hausnartzeko bi solasaldi jasotzen ditu. Azaroaren 3an, Jabekuntza Eskolaren laguntzarekin antolatuta, ¿Crees que somos racistas? solasaldia egingo da gaztelaniaz, Quinndy Akejuren gidaritzapean. Azaroaren 4an, berriz, Arrazistak garela uste al duzu? solasaldia izango da, Hajar Samadirekin. Bigarren saio hori euskaraz egingo da, itzulpen zerbitzuarekin. Ordu eta leku berean izango dira biak ere: 18:30ean D’Elkatuz zentroan.
Azaroaren 5ean, 17:15ean hasita, Angolako ipuin kontaketa egingo da D’Elikatuzen. Kicongo hizkuntzan (Angola), Nkewa ye Nlumba izeneko ipuina kontatuko dute Mertxe Aizpuruak eta Ciana Lutumbak, euskarazko Tximinoa eta erbia izenburuarekin. Jardueraren bidez, beste kultura eta hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Jana, musika eta gehiago
Azaroaren 3an eta 4an, 19:00etan, 11 Zapore. Munduko Pintxo-Pasaportea ekimena egingo da, herriko tabernetan, musikaz girotuta. Hogei tabernak eman dute parte hartzeko baieztapena: Muñoz, Erle, Ipop, Kiko-enea, Zortziko, Alma, Moderno, Txola, Herrikoa, Illunpe, Pottoka, Leizea, Haizpe, Martinez, Olano, Geltoki, Orlegi, Zuhaizti, Urdin eta 19/90.
Azaroaren 6an, berriz, ostiralean, kulturarteko harremanak sustatzeko beste hitzordu bat izango da. 18:30ean, Gudariak etorbidean, lehen aldiz, Solas-pintxo ekimena egingo da: pintxo bat hartu eta hamar minutuko solasaldia partekatzeko aukera izango da, Xenda-belarraren laguntzarekin. Ondoren, 20:00etan, Afrika Bibang artistaren kontzertua izango da Plaza Nagusian.
Munduko Arrozen Eguna
Ohikoa izaten den moduan, topaketaren hitzordu esanguratsuena izango da larunbatekoa: Munduko Arrozen Eguna. Frontoia izango da egun osoan zehar topaleku, eta askotariko jarduerak hartuko ditu: 12:30ean hasita, Munduko dantzak eta desfilea egingo dira auzoetatik hasi eta herrigunera arte, eta frontoian bertan amaituko dute saioa. Munduko Arrozen bazkariari ekingo diote jarraian, 14:30ean. Tiketak Nerea Tabernan (Otegienea), Magazine Romanesc (Buztuntza) eta Larratxan (erdigunea) daude salgai -arrunta bost euroan eta haurrena euro batean-. Aurtengoan, hala, hamaika herrialde -iaz baina bat gehiago- animatu dira janariaren, musikaren eta dantzaren bidez bizipenak partekatzeko gunea sortzera: Algeria, Bolivia, Ekuador, Ekuatore Ginea, Euskal Herria, Kolonbia, Mali, Nigeria, Pakistan, Mendebaldeko Sahara eta Valentzia.
Bingoa egingo dute bazkalostean, eta arratsaldea aisialdirako hartuko dute: haurrentzako jolasez gain, musika eta dantzak nagusituko dira, eta Grace and Victory Choir taldearen kontzertuak emango dio amaiera eguneko egitarauari.












