Legazpiko Udalak lore landareak banatuko ditu herritarren artean
Udakoak erretiratu dituzte, eta negukoak sartzen hasiko da datorren astean udalak kontratatutako lorezaintza enpresa. Bihar 12:00etan egingo dute banaketa, udaletxeko sarreran.
Lorategiak berritzeko garaia iritsi dela eta, Legazpiko Udalarentzat lan egiten duen lorezaintza enpresa datorren astean hasiko da landare berriak landatzen, eta erretiratzen dituen landareak herritarren artean banatuko dituzte.
Bihar ostirala egingo dute banaketa, 12:00ak aldera, Udaletxeko HAZ aurrean. Guztira 150 landare inguru banatuko dituzte. Azken aldietan bezala, Gureak-eko teknikariek prestatuko dituzte landareak. Modu horretara, beste bizi-aukera bat emango diete loreei, eta aldi berean, hondakin bihur ez daitezen saihestuko da. Lorea jasotzeko, norberak eraman beharko du poltsa.
Hauek dira banatuko dituzten loreak eta landareak: balkoiko geranio hiedrak (Pelargonium peltatum), dragoi-ahoak edo lehoi-ahoak (Antirrhinum majus), ipomoeak (Ipomoea), dragoi begoniak (Begonia Dragon Wing / Begonia Dragon), eta vincak edo Madagaskarko vincak (Catharanthus roseus).











