Ahoztar Zelaietaren liburu aurkezpena eta zinema gaur Gaztetxean
Poliziaren bortizkeria eta indar errepresiboen beste adierazpen batzuk jaso ditu liburuan kazetari eta ikerlariak. Gauean 'Tierra y libertad' filma eskainiko dute, eta bihar, musikarekin ospatuko dute Gau Beltza.
Ahoztar Zelaieta kazetaria eta ikerlaria Legazpiko Gaztetxean izango da gaur, Quo Vadis, Ertzaintza? izenburuko liburua aurkezten. Hitzordua 18:30ean izango da. Liburuan zehar, «kasu konkretuetatik harago, poliziaren bortizkeria eta indar errepresiboen baitako bestelako joera batzuk» aztertzen dira.
Liburu aurkezpenaz gain, beste jarduera bat ere izango da Gaztetxean. Izan ere, planez beteta hasi du ikasturtea, eta horietako bat, hilean behin zinema emanaldia eskaintzea da. Ostiral honetakoa izango da lehena, Tierra y libertad filmarekin. Ken Loach da zuzendaria eta Espainiako gerra zibilean girotuta dago. Proiekzioa 22:30ean izango da.
Bihar gauean, berriz, Gau Beltza ospatzeko asmoa dute musikarekin. Oxida, Hilotz eta Couture taldeek kontzertua eskainiko dute 22:30ean hasita.











