«Herritar guztion parte-hartzea oso handia izan zen eta ikastolen aldeko jai borobila ospatu genuen»
50. Kilometroak gogoratzeko eskultura bat ipini dute Senpereko biribilgunean.
Lazkaon urriaren 4an ospatutako Kilometroak eguna jai arrakastatsua izan zela azaldu zuten ostiraleko eskertza-ekitaldian. Urte osoan zehar herritarrek egin duten lana eskertzeko asmoz. Horretaz gain, jai horren jatorria gogoratzeko eskultura bat jarri zuten Lazkao eta Beasain lotzen dituen biribilgunean. Uxue Lasa eskulturagileak egin du artelan hori.
Eskultura jartzeaz gain Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakariak Kilometroak jaia balioetsi zuen: “Kilometroak jaiak, eta eskultura honek, euskararen, ikasleen eta herrigintzaren alde komunitate oso batek egindako ahalegina aitortzen dute”. Hala ere, atzera begira ez ezik, etorkizunera begirako ekitaldia ere izan zen ostiralekoa. Ikastolen elkarteko zuzendariak azpimarratu zuen “Kilometroak ikastolak sendotzeko, hezkuntza-proiektuak garatzeko eta belaunaldi berriei kalitatezko euskarazko hezkuntza eskaintzeko giltzarri da”.
Lazkaoko ikastolaren izenean, Ion Martinez zuzendariak, Irantzu Amundarain lehendakariak eta Kilometroak 2026ko koordinatzaileak Xeber Maizak herritarren lana eskertu nahi izan zuten; “milatik gora boluntario aritu ziren lanean”. Gogoratu zuten baita ere Kilometroak “herritik eta herrirako” sortutako jaia izan zela, eta txalotu egin zuten herriko eragileen parte-hartze handia.












