Zumarragako EH Bilduk Aritz Elgarresta proposatu du alkate izateko
Zumarragako EH Bilduk Aritz Elgarresta proposatu du 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan Zumarragako alkategai izateko. Elgarresta “kudeaketa gaitasun handiko pertsona” da, herrigintzari “estuki lotua” eta azken legengintzaldian “oposizio bikaina” lideratu duela iritzi dio batzarrak.
Aritz Elgarrestak 2023an alkategai izateko konpromisoa hartu zuen eta hartutako bideari “sendo eta egonkor” eusteko pertsona egokiena dela iritzi diote militanteek. “EH Bildu hauteskundez hauteskunde hazten ari den indar politikoa da eta alkatetza erdiesteko eta Zumarragak behar duen bide berria lideratzeko pertsona onena da. 2023an zinegotzi kargua hartu zuenetik, udala herritarrei gerturatzen saiatu da, oposizio lan zorrotz eta eraginkorra eginez. Gainera, herritarrekiko gertutasuna, gainontzeko alderdiekiko erabateko errespetua eta akordioetara iristeko gaitasuna erakutsi du”.
Elgarrestak “ilusio eta ardura handiz” heldu dio berriro ere alkategai izateko lanari. “Oso eskertuta nago orain arte egin dugun lana, EH Bilduren batzarrak eta militanteek balioan jarri izana. Oso hunkituta nago jasotako babesarengatik eta alkategai izateko proposamenarengatik” azaldu du. “Gogotsu nago, lantalde bikaina daukagu, badakigu zer egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun. Orain, zumarragarrek beraien konfidantza guregan jartzea nahi dugu”.
Aritz Elgarrestak 46 urte dauzka, bi alaben gurasoa da eta industria ingeniaria da. Lanbide heziketako irakaslea da eta Berrikuntza Pedagogikoaren arduraduna Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan. Urola Garaiko Lanbide Eskolan ere izan zen irakasle, langileen lan baldintzen alde lan egin zuen eta eskualdeko eragile ekonomiko eta enpresen “ezagutza sakona” erdietsi zuen. Zumarraga eta Urretxuko hainbat kultur taldeetako kidea da eta txistulari ezaguna da. “Udalgintza herrigintzari ekarpena egiteko beste modu bat da beretzat”.
Aurrera begira Zumarragak dituen erronken inguruan ere hitz egin du. “Belaunaldi berriei Zumarraga hobe bat uztea da nire ametsa; Zumarraga berdinzale, bizi, bizigarri eta euskaldun bat. Zumarragak norabide aldaketa sakon bat behar du. Gure industria izaera berreskuratu behar dugu, etxebizitza eskubidea bermatu, komunitate bizitza eta euskara indartu, auzoen arteko desberdintasunak murriztu eta herri aurreratu batek behar dituen azpiegiturak berritu, zaintzan eta kirolean batez ere. Herri erronkei erantzutea bezain garrantzitsua da, gauzak nola egiten diren eta herritarrekin egoteko moduak. Uste dut gauzak egiteko beste modu bat ekar dezakedala eta oso garrantzitsua iruditzen zait hau. Zumarragak beste gobernantza eredu bat behar du, herritarrak entzun eta gertu sentituko dituen alkate batekin. Erabat sinetsita nago gainera elkarlanaren bidez soilik erantzun ahal izango diogula Zumarragako erronkei. Elkarlana Urretxurekin, elkarlana alderdien artean eta elkarlana eskualdeko eragile eta herritar guztiekin; elkarrekin eta lankidetzan bakarrik joango gara urrutiago”.
Proposamena egin ondotik, urtarrilean jarriko da alkategaia berresteko prozedura formala martxan eta dagoeneko lanean ari dira herri programa garatzeko prozesu parte hartzailean.












