Zaldibiako DBHko ikasleen eskubideen alde Ordiziako kaleak hartu dituzte
Eskualde mailako mobilizazioa egin dute Ordizian eskola-garraioa berrezartzearen alde.
Eskola Garraioaren alde eskualde mailako mobilizazioa izan zen eskola-garraioaren berrezartzearen alde, atzo, Ordizian. Zaldibiako ikasleen aldeko adierazpenean Guraso Batzarrekoek “argi” aldarrikatu zuten: “Eskola garraioa eskubidea da!”.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zaldibiako DBHko ikasleei eskola-garraio zerbitzua kendu diete. Lau kilometroko irizpidea hartu dute kontuan garraioa kentzeko, Oiangureneko ikastetxea Zaldibiatik 3,8 kilometroko distantziara dagoelako. Galdera hau egin zuten: “Benetan onargarria al da 200 metroko alde batek ikasleen eskubideak baldintzatzea?”. Gurasoek berretsi zuten ez dutela pribilegiorik eskatzen, “soilik ikasle guztiek aukera berberak izatea”.
Arazoaren aurrean Hezkuntza Sailak linea erregularreko autobusetan joateko irtenbidea eman die. Gurasoek diote irtenbide hori ez dela egokia: “Arazo estruktural baten aurrean gaude ez puntual batenaren aurrean”. Izan ere, datozen urteetan ikasleen kopurua handitu eta arazoa okertzen joango dela diote gurasoek: “Arazoa administrazioaren erabaki baten ondorioa izan da, beraz eurei dagokie konponbidea ematea”. Horregatik, Hezkuntza Sailari hurrengo hiru gauzak eskatu zizkieten: “Lehenik, eskola-garraioa berrezartzea. Bigarrenik, ikasleei garraio segurua, puntuala, doakoa eta kalitatezkoa bermatzea. Eta azkenik, familia, ikastetxe eta udalarekin elkarlanean, behin betiko konponbidea bilatzea”.












