Larunbatean da Argizpiren argazki rallya
Lehenengo saria 200 euro eta garaikurra dira, bigarrena 150 euro eta garaikurra eta hirugarrena zein lehen herritarrarena 100 euro eta garaikurra.
Gorka Gomez iazko argazki rallyko irabazlea, erdian.Beasaingo Udala Argizpi argazkizale elkarteak antolatutako Lourdes Losada Memoriala argazki rallya larunbatean izango da. 09:00etatik 10:00etara bitartean izen-ematea egin beharko dute parte hartu nahi dutenek Argizpiren egoitzan, 10 euroren truke.
Izena ematerakoan derrigorrezko bost gai eta gai berezi bat emango zaizkie parte hartzaileei. Gai berezi hori ez da puntuagarria izango, baina beharrezkoa Beasaingo Odolkiaren Kofradiak urtero ematen duen sarirako: Beasaingo odolkia.
Argazkiak egin ondoren, memoria txartelak 13:00etatik 14:00etara deskargatuko dituzte JPG-n, egoitzan. Txartel bakoitzeko lehenengo argazkia kontrol-argazkia izango denez, rallyaren hasieran txartelak hutsik egon beharko du.
Azaroaren 11 baino lehen, rallyargizpi.beasain@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute partaideek parte hartzaile zenbakia eta gai bakoitzeko aukeratutako argazkiaren zenbakia adierazita.
Lehenengo saria 200 euro eta garaikurra dira, bigarrena 150 euro eta garaikurra eta hirugarrena zein lehen herritarrarena 100 euro eta garaikurra.
Herriz Herri lehiaketarako baliogarriak diren puntuak jasoko dituzte parte hartzaile guztiek. Sari banaketa azaroaren 27an egingo dute, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan.













