Ostiralean da Azaroa Zientziaroa zikloko lehen hitzaldia
Azaroaren 27an, Naia Begiristain, Andoni Berbel eta Eider Sarasola goierritar ikertzaile eta profesional gazteek biomedikuntzan, digitalizazioan eta lurralde garapeneko politiketan izandako ibilbideak partekatuko dituzte.
Jose Felix Marti Masso EHUko Neurologiako katedradun emeritua.Jakiunde Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoiaren Azaroa Zientziaroa zikloa iritsi da. Ostiralean izango da hitzaldi zikloko lehena. Jose Felix Marti Masso EHUko Neurologiako katedradun emeritu eta gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketa nazioarteko erreferentea denak Demencias: entender, prevenir y cuidar hitzaldia eskainiko du, 19:00etan.
Igartzako Jauregian izango dira zikloko hitzaldi guztiak. Azaroaren 13an (19:00), Jasangarritasunaren krisiaren aurrean zer? Sentitu, pentsatu, ekin hitzaldia egingo du Unai Pascual Garcia de Azilu Basque Centre for Climate Change zentroan irakasle eta ikertzaile eta ekonomia ekologikoan adituak.
Azaroaren 18an (17:00-19:30), Partekatuz ekimenaren saio parte hartzailea izango da, CICnanogune, CFM eta Polimatek antolatuta: Nanomedikuntza eta ugalketa: osasun pertsonalizatuaren bidean. Herritarren arteko elkarrizketa gunea izatea nahi dute. Doako kafe eta ludoteka zerbitzua izango da.
Aste berean, azaroaren 20an (19:00), Jesus Moya Mangas ikertzaileak sorgin ehizaren eta inkisizioaren prozesuak azalduko ditu Primera caza de brujas en Navarra y pronunciamiento de la Inquisicion Española (1525-1526) hitzaldian.
Eta hitzaldi zikloa amaitzeko, azaroaren 27an, Bertako ikerlari eta ekintzaileak mahai inguruan, Naia Begiristain, Andoni Berbel eta Eider Sarasola goierritar ikertzaile eta profesional gazteek biomedikuntzan, digitalizazioan eta lurralde garapeneko politiketan izandako ibilbideak partekatuko dituzte.
Tailer interaktiboa hainbat herritan
Hitzaldiez gain, zinema, erakusketa eta zientzia ibiltaria biltzen ditu egitarauak. Kapsula Kuantikoa tailer interaktiboa hainbat herritan izango da: Beasainen azaroaren 24an, Ordizian 25ean, Lazkaon 26an, Zaldibian 27an, Ataunen 28an eta Idiazabalen abenduaren 1ean. BasQ-k eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako espazio ibiltaria da, fisika kuantikoan oinarritutako etorkizuneko teknologiak modu errazean ezagutzera emateko.
Abenduaren 4an (19:00), aldiz, Aitor Aranguren Ordoñezek zuzendutako eta Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatutako 300 haritz dokumentala emango dute Igartzako Jauregian. Euskal gastronomia, identitatea eta lurraldetasuna lotzen ditu lanak sukaldari eta artisten begiradaren bitartez.
Azaroa Zientziaroan egin ohi duten bezala, Matematikako Nazioarteko Argazki Lehiaketa izango da aurten ere. Abenduaren 31ra arte dago lanak aurkezteko epea irekita. Sari banaketa urtarrilaren 22an egingo dute, Beasainen.













