Ainara LeGardonek beraien proiektuak kudeatzen irakatsiko die Urretxu eta Zumarragako musikariei
Ainara LeGardonek musika proiektuak kudeatzeko ikastaroa emango die beste batzuen menpe egon nahi ez duten artistei. Ikastaroa azaroaren 21ean izango da, 10:00etatik 14:00etara, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Ikastaroa Urretxu eta Zumarragako Musika Taldeen Mugimenduak (Mutamu) antolatu du eta doakoa izango da.
LeGardonek (Bilbo, 1976) 35 urte daramatza musika munduan, modu autogestionatuan lan egiten. Prentsa espezializatuak goraipatutako bakarkako hainbat disko argitaratu ditu eta Espainian, Frantzian, Italian, Belgikan, Herbehereetan, Alemanian eta Amerikako Estatu Batuetan jo du, besteak beste. Estatu espainiarreko eszena independenteko erreferentzietako bat da.
Horretaz gain, jabetza intelektualaren eta egile eskubideen inguruan ikertu du eta kultura kudeaketan espezializatua dago. Arlo horretan, hainbat titulu, argitalpen eta sari ditu. 2020az geroztik legardon.net aholkularitza plataforma zuzentzen du. Horretaz guztiaz gain, podcast bat ekoizten du.
Zumarragako saioan, musikarientzat funtsezkoak diren gaiak landuko ditu. Autogestioaz, jabetza intelektualaz, musika obren egilekidetzaz hitz egingo du, besteak beste: zergatik merezi duen autogestioak, zer eskubide dauden, nor diren haien titularrak, nola erregistratu eta babestu obrak eta fonogramak, taldeen barruan hitzarmenak ezartzeko eta gatazkak saihesteko aholku praktikoak… Plazak mugatuak dira.













