Arrazakeriari buruzko begirada berria proposatu dute Ordizian
Kulturen Arteko X.Topaketaren harira Hajar Saamadik emandako hitzaldian migrazioaren inguruko hainbat kontzeptu landu dituzte. Egungo gizartean kontzientzia pizteko beharra azpimarratu dute.
Atzo arratsaldeko saioko irudia. Izaro Villarreal Kulturen Arteko X. Topaketaren harira, ‘Arrazistak garela uste al duzu?’ hitzaldia egin zen atzo Ordiziako D’Elikatuz zentroan. Izenburu probokatzailea izan arren, migrazioaren auzia mahai gainean jartzeko eta horren inguruko hausnarketa sustatzeko helburua izan zuen saioak. Jende andana hurbildu zen, eta goraino bete zen aretoa.
Hajar Saamadi Bidaya emakume musulmanen elkarteko kide eibartarrak gidatu zuen saioa; arrazakeriaren aurkako ekintzailea eta gizarte langilea da. Marokon jaio zen, baina bi urterekin iritsi zen Euskal Herrira, eta hemen egin du ibilbide osoa. Horregatik dio ez duela sekula migrazio-prozesurik bizi izan: «Nik ez nuen era kontzientean egin, gurasoek ekarri nindutelako». Euskal Herrian geratzea, ordea, hautu kontzientea izan dela azaldu zuen.
Berdintasunean hazitako umea izan zen Saamadi, haurtzaro «eder» batekin. Handitzen joan ahala, ordea, arazo gehiago sortu zitzaizkion, batez ere eskolan. «Kontzienteago zara gizartean gertatzen ari denaz, eta nik ere izan nituen zenbait oztopo integrazio-prozesuan, batez ere janzkerarekin lotuta», azaldu zuen.
Saamadiren bizipenak, ordea, ez dira kasu isolatua. Egungo gizartean arrazakeria behin eta berriro erreproduzitzen dela uste du eibartarrak: «Ez diot denok arrazistak garenik, baina uste dut beharrezkoa dela auzi honen gaineko kontzientzia piztea eta ardura hartzea; egunerokoan jarrera eta jokabide asko normalizatzen ditugu, normalak izatetik urrun daudenak».

Migrazioa deseraikitzea
Arrazakeriaren gaia mahai gainean jarri eta zenbait kontzeptu barneratuta, auziaren gaineko kontzientzia hartzea izan zen saioaren helburu nagusia. Horretarako, migrazioaren inguruko begirada deseraikitzea izan zuen hizpide. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 13. artikuluan jarri zuen abiapuntua, bertan aitortzen baita pertsona orok duela mugitzeko eta herrialde batetik bestera joateko eskubidea. Haren esanetan, ordea, migrazioaz hitz egitean sarri ahaztu egiten da eskubide hori, eta «beste alderdi batzuetan jartzen da fokua».
Ildo horretan, beharrezkotzat jo zuen migrazioaren inguruko diskurtsoak deseraiki eta migratutako pertsonei gizatasuna itzultzea: «Sarritan pertsonak beren jatorriaren, egoeraren edo kolektiboaren arabera definitzen dira, eta horrek gizatasuna kentzera eraman dezake». Giza eskubideen aplikazioari ere erreparatu zion, nabarmenduz eskubide horiek pertsona arrazializatuei ere aitortu behar zaizkiela.
Integrazioaren beharra
Hizkuntza, asimilazioa eta integrazioa ere izan zituen hizpide. Integrazioaren alde egin zuen, baina argitu zuen horrek ez lukeela norberaren identitatea galtzea ekarri behar. Izan ere, haren ustez, gizarte batean integratzea eta norberaren jatorriari, kulturari edo hizkuntzari eustea bateragarriak dira: «Dena den, integrazioaren ardura gizarte osoarena da, ez soilik arrazializatuena».
Integrazioaren kontzeptuari, hala, ekarpenaren ikuspegitik heldu zion. Haren ustez, pertsona bat iritsi berria denean integrazioaz hitz egiteak zentzua izan dezake, baina gizartean parte hartzen eta ekarpenak egiten hasten denean, fase hori gainditutzat jo beharko litzateke. Horregatik, migratutako pertsonek gizarteari egiten dizkioten ekarpenak aitortu eta baloratzea aldarrikatu zuen, haiek beti «integratu beharreko» pertsona gisa aurkeztu beharrean.
Kontzientziazioa
Kontzientziazioaren beharra ere nabarmendu zuen, eta gizartearen esparru guztietara zabaldu beharreko lana dela defendatu zuen. Ildo horretan, kulturartekotasunaren aldeko prebentzio-lanak eta baliabideak indartzearen garrantzia azpimarratu zuen, integrazio-prozesuak guztiontzat hobeak izan daitezen.
Kulturartekotasunaren inguruan herrietan antolatzen ari diren ekimenak, esaterako, urrerapauso gisa baloratu zituen: «Orain hamabost urte gai beraren inguruan hitzaldiak eta formakuntzak ematen nituenean ez zen halako mugimendurik ikusten; gaur egun, interes handiagoa sumatzen da». Hala ere, ohartarazi zuen oraindik ere lan handia dagoela egiteko, eta kontzientziazioa prozesu baten parte dela.
Bide horretan, urrats bat gehiago izango da larunbatekoa: Ordizian egingo den Munduko Arrozak bazkari herrikoia. Ordizia Kolore elkarteko kideek gogoratu dute tiketak salgai daudela -helduenak bost euroan eta haurreanak euro batean- Larratxa liburudendan (erdigunea), Magazine Romanesc elikadura dendan (Buztuntza) eta Nerea tabernan (Otegienea).
Asteazken arratsaldeko saioko irudi gehiago. Argazkiak: Izaro Villarreal














