EUN enpresan izan dira aldundiko eta Gipuzkoako Ganberako ordezkariak
Alberto Lorenzo Mitxelena CEOarekin eta Aitor Eguren Bikaintasuneko zuzendariarekin bilera egin dute. Bost hamarkadatik gorako ibilbidea du EUN-ek.
Eider Mendoza, Unai Aadueza, Mauricio Arregi eta Javier Zubia EUN-eko ordezkariekin.Gipuzkoako Foru Aldundia Aldunditik Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Gipuzkoako Ganberatik Mauricio Arregi presidentea eta Javier Zubia zuzendari nagusia Beasaingo EUN enpresan izan dira gaur. EUN-eko Alberto Lorenzo Mitxelena CEOarekin eta Aitor Eguren Bikaintasuneko zuzendariarekin bilera egin dute. “Topaketak aukera eman du enpresaren jarduera eta bilakaera bertatik bertara ezagutzeko, baita etorkizunera begira dituen erronka nagusiak aztertzeko ere”, azaldu du aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak elkarrekin egindako bisitari esker, aldundiaren esanetan “Beasaindik oso jarduera espezializatua garatu eta nazioartean presentzia zabala sendotu duen enpresa baten ibilbidea ezagutu ahal izan dute”. 80 herrialdetan baino gehiagotan ditu bezeroak, aliantzak eta instalazioak EUN-ek.
Eider Mendozak nabarmendu du EUN Gipuzkoako “enpresa-sarearen indarraren adibide bikaina” dela. “Beasaindik, lurraldean oso errotuta dagoen familia enpresa bat gai izan da irtenbide oso espezializatuak garatzeko eta mundu osoko merkatuetan lehiatzeko. Gipuzkoak baditu merkatuko nitxo oso zehatzetan benetako erreferente diren enpresak, haien ezagutzari, berritzeko gaitasunari eta bikaintasunaren alde egiten duten apustuari esker”. Diputatu nagusiaren hitzetan, “EUN-ek eta gisako enpresek argi erakusten dute lurralde txiki batetik nazioartean lehiatu daitekeela espezializazioaren, teknologiaren eta talentuaren aldeko apustua egiten” denean.
Mauricio Arregik adierazi du “EUN Gipuzkoako familia-enpresa txiki eta ertain baten adibide ona” dela, “bere negozio tradizionala merkatuaren bilakaerara eta beharretara egokitzen jakin duena”. Horretarako, nabarmendu du “azken urteotan eraldaketa handia” egin duela bere produktuetan eta zerbitzuetan. “Bere teknologiari, kalitateari eta merkataritza arloko proaktibitateari esker, espazioak optimizatzeko eta kudeatzeko soluzioak mundu osoko bezeroei eskaini ahal izan dizkie”.
Alberto Lorenzo Mitxelena EUN-eko CEOak gaur egun enpresa-sareak dituen erronketan jarri du arreta, baita haren lehiakortasuna bermatzeko ahaleginak bateratzearen garrantzian ere: “Gaur egun, enpresok oso ingurune konplexuari egin behar diogu aurre, ziurgabetasun ekonomikoak, lehia globalak, tentsio geopolitikoek eta kostuen igoerak baldintzatuta. Horri gehitu behar zaio gero eta zorrotzagoa den merkatu batean etengabe berritzeko eta egokitzeko beharra, eta horrek inbertsioaren, talentuaren eta baliabideen arloan ahalegin handiak egitera behartzen gaitu”.
Erronka horien aurrean, “inplikatutako eragile guztien konpromisoa eta erantzukizun partekatua indartzea” aldarrikatu du, “erakunde publikoena, enpresena, langileena, zentro teknologikoena eta gizarte osoarena”, eta baita “inbertsioa, berrikuntza eta lankidetza sustatuko dituen ingurunea eraikitzen jarraitzea” ere, “epe luzera enpresa-sare lehiakor, sendo eta jasangarria finkatu ahal izateko”.
50 urtetik gora
Bost hamarkadatik gorako ibilbidea du EUN familia enpresak, eta bere irtenbide propioak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, espazioen aprobetxamendua optimizatu, materialen kontserbazioa hobetu eta haien kudeaketa errazteko. Enpresak sektore askotarako produktu eta zerbitzuak egiten ditu: museoak, artxiboak, liburutegiak, bulegoak, merkataritza, hezkuntza, industria, osasuna, laborategiak, kirola eta ostalaritza.
Biltegiratze sistemekin eta ekipamendu espezializatuarekin batera, bezero bakoitzaren beharretara egokitutako tresna teknologikoak eta soluzio digitalak eskaintzen ditu. Haren ekoizpen ereduak 4.0 industriaren printzipioak ditu oinarrian, eta teknologia aurreratuak eta kudeaketa digital, jasangarri eta efizienteko prozesuak hartzen ditu barne.













