Jaurlaritzak CAFi ezarritako 196.746 euroko isuna berretsi dute
2023ko abuztuan nabe batzuetatik amiantoa kentzeko prozesuan izandako gertakarietatik dator. Enpresak jaurlaritzaren eskaerari jarritako helegitea baliogabetu du ebazpenak.
CAFen lantegia Beasainen.Hitza Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak CAFi ezarritako 196.746 euroko isuna berretsi du Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegiak. 2023an lantegiko hainbat nabetan amiantoa kentzeko lanak egin zituzten, eta amiantoa guztiz kendu zutela bermatu gabe zenbait langileri nabe horietara sartzea onartu zitzaielako ezarri zuen jaurlaritzak zigorra. Donostiako epaitegi horren ebazpenak enpresak jaurlaritzaren eskaerari jarritako helegitea baliogabetu du.
2023ko abuztuan, amiantoa kentzeko prozesuan izandako gertakarietatik dator ebazpena. Amiantoa kentzeko lanak egin ostean, ingurumen neurketak ez ziren zuzenak izan, eta aireko amiantoaren maila legez baimendutakoa baino handiagoa izan zen. Aire kalitatearen neurketarik eduki gabe, zenbait langileri nabe horietan sartzea onartu zuen CAFek. Urte hartako urrian, Osalanek onartu zuen abuztuan egindako lanetan “zerbaitek huts egin” zuela.
LAB sindikatuak “gertatutakoa salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana” azpimarratu du, eta CAFek “kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain hartzea” eskatu du. “Ebazpen horrek berretsi egiten du LABek aspalditik salatzen dituen gertakari batzuk larriak direla, eta langileen eskubideak etengabe ikertu, salatu eta defendatu dituela. Egindako lan sindikala funtsezkoa izan da egoera hori ahaztuta gera ez zedin eta gertaerak argitu zitezen eta dagozkien erantzukizunak argi zitezen eskatzeko”.
Jarraipena langileei
Sindikatuaren esanetan, ebazpenak agerian uzten du “enpresak ez zituela beharrezko prebentzio-neurriak bermatu, eta langileen osasuna arriskuan jarri” zuela: “Amiantoa kentzeko lanak amaitu gabe zeuden, plastiko guztiak kendu gabe eta eremuaren deskontaminazioa bermatuko zuten azken ikuskapenak eta neurketak egin gabe”.
Dokumentuak berak “CAFeko sei langileren neurketa pertsonaletan amianto-zuntzen presentzia hauteman zela” eta “ehunka langilek” gertakariak izan aurreko egunetan eremu horietan lan egin zutela azaltzen duela gehitu du sindikatuak. “Horrek guztiak agerian uzten du gertatutakoaren larritasuna eta beharrezkoa dela egoera sakon argitzea”.
CAFi “erantzukizunak bere gain har ditzala, gertatutakoaren inguruko azalpen guztiak eman ditzala eta amiantoaren eraginpean egon ahal izan diren langile guztiei beharrezko informazioa, arreta eta jarraipena bermatu diezazkiela” eskatu du, baita “etorkizunean horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin beharrezko berme guztiak ezartzea” ere.













