73 hektarea baso leheneratzeko akordioa sinatu dute
Lurgaiak, Naturtzaindiak eta baso lurren titularrek sinatu dute hitzarmena. Lursailak Legorretan, Albizturren, Beasainen, Bidanian, Itsasondon eta Zerainen daude.
Atzo sinatu zuten akordioa, Legorretako udaletxean. Izaro Villarreal Lurgaia Fundazioak eta Naturtzaindia Elkarteak lurraldearen zaintzarako akordioa sinatu zuten atzo arratsaldean Legorretako udaletxean, lau baso lurren titularrekin batera. Guztira, 73 hektareako azalera hartzen du hitzarmenak, eta lursail gehienak Legorretan badaude ere, Albiztur, Beasain, Bidania, Itsasondo eta Zeraingo udalerrietara ere zabaltzen dira. Legorretako alkate Iñaki Agirre eta Itsasondoko alkate Iñaki Aizpuru ez ezik, Jon Hidalgo eta Naiara Corcuera bi erakundetako lehendakariak ere izan ziren atzoko ekitaldian, hurrenez hurren.
Akordioaren bidez, lursail horien kudeaketa natura-ondarea kontserbatzera eta bertako basoak leheneratzera bideratuko dute. Besteak beste, habitatak sortzea, degradatutako eremuak lehengoratzea eta prozesu ekologikoak sustatzea aurreikusten da. Zehazki, 50 hektarea harizti eta gaztainadi leheneratzeko eta beste 25 hektarea pagadi egokitzeko jarduketak abiatuko dituzte. Proiektuaren helburuen artean dago, halaber, atmosferatik 8.000 tona karbono xurgatzea.
Bi erakundeetako bazkidea da Aizpuru, eta haren esanetan, lursail guztiak «bertako basoak berreskuratzera» bideratuko dira. Aizpuruk nabarmendu zuen basoek biodibertsitatearen kontserbazioan duten garrantzia, eta baso «erresiliente, misto eta osasuntsuak» lortzeko lehen urratsak ematea dela ekimenaren asmoa. Horrez gain, basoek CO₂ bezalako gasak bahitzeko duten gaitasuna ere azpimarratu zuen, klima aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia nabarmenduz.
25 urterako epean
Lurraldearen zaintza lursailen titularren eta zaintza erakundeen arteko borondatezko akordioan oinarritzen dela nabarmendu zuen Aizpuruk. Kasu honetan, bi aldeek idatziz formalizatu dituzte konpromisoak, eta 25 urteko eperako ezarriko dira. Denbora horretan, lursailen egoera eta kontserbazioa nahiz haien balio ekologiko eta paisajistikoak mantendu eta hobetzeko neurriak hartuko dituzte.
Akordioa, horrela, Euskadiko natura ondarea kontserbatzeko araudiaren barruan kokatzen da, eta inguruko ekosistemak leheneratzeko eta biodibertsitatea indartzeko kontserbazio tresna gisa planteatzen da.













