Ataungo EAJ azken hilabeteetako etxebizitzetako lapurretekin kezkatuta
Udalari egoeraren inguruko informazioa eskatu dio, eta segurtasuna indartzeko neurriak proposatuko dituztela adierazi du.
Ataungo herriaren irudi bat.Goierriko Hitza Azken hilabeteetan Ataungo hainbat etxebizitzatan izandako lapurretak kezka sortzen ari dira Ataunen. EAJtik kezka hori partekatzen dutela adierazi dute, eta euren babesa helarazi die kaltetutako pertsonei eta egoera honekin kezkatuta dauden herritar guztiei.
Herritar guztiek dutela beren etxeetan “lasaitasunez eta segurtasunez” bizitzeko eskubidea, bizi diren tokian bizi direla dio udal talde jeltzaleak . Horregatik, uste dute segurtasunaren gaia “arduraz eta zorroztasunez” landu behar dela, egungo egoera ezagutuz eta erakundeen arteko koordinazioa sustatuz.
Norabide horretan, EAJk informazio-eskaera aurkeztu dio Udalari: “Azken hilabeteetako lapurreten inguruko datuak, Udalaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa eta orain arte egindako jarduerak ezagutu nahi ditugu”.
Informazio hori abiapuntutzat hartuta, datozen asteetan “mozio bat aurkeztuko dugu udalbatzan”. Haren bidez, erakundeen arteko koordinazioa “indartzea”, lapurreten prebentzio-neurriak “sustatzea” eta herritarrekin informazioa eta gomendioak “partekatzeko bideak” lantzea proposatuko dituzte.
Ataungo EAJtik gai horri jarraipen berezia egingo diote, betiere “arduraz eta zorroztasunez” jokatuz azaldu dute: “Alarmismorik sortu gabe eta herritarren segurtasuna eta ongizatea lehenetsiz”.













