Zegamako 14. San Silbestre lasterketan izena emateko epea irekita
350 korrikalarien mugara iritsita itxiko dute izen ematea. Aurten, ez da egunean bertan dortsalik salduko; ondorioz izen ematea aurretik egin behar da derrigorrez.
Korrikalariak San Silbestre lasterketako irteeran, Zegaman.Mikel de las Heras Abenduaren 31n 14. edizioa beteko du Zegamako San Silbestre lasterketak; herriko Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak eta Zegamako Udalak antolatuta.
Udalak jakitera eman duenez, atzo arratsaldean ireki zen izen ematea Rock the Sport atarian, 13 euroan. Antolatzaileek 350 lasterkaritan jartzen dute muga eta ohartarazi dutenez, leku guztiak bete bezain pronto itxiko da izen ematea. Lasterketa bereziki interesgarria da hau parte hartzaileentzat, Zegama-Aizkorri mendi maratoirako hiru dortsal zozketatzen baitira kanpotik Zegamara joaten diren korrikalarien artean.
Lasterketari 17:30ean emango diote hasiera eta 1.000 euroko sari berezi bat dago gordeta marka hausten duen korrikalariarentzat. Nesketan 2022an ezarri zuten marka 18 minutu eta 39 segundoan. Mutiletan aldiz, 2019tik ez da mugitu 15 minutu eta 46 segundoko errekorra. Haurrentzako lasterketak, 17:00etan hasiko dituzte eta dutxa zerbitzua izango da kiroldegian.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, aurten ez da egunean bertan izena emateko aukerarik egongo.













