FEMMM ahots-laborategiaren harmoniak Igartzan
Nahia Valle, Maider Biguri, Danae Riaño eta Alazne Lopezek osatzen dute laukotea. Igandean 19:00etan da emanaldia.
Igartza Musika zikloak FEMM ahots-proiektua ekarriko du igandean, azaroaren 8an, Igartzako Jauregira, 19:00etan. “Polifoniaren aberastasuna ardatz hartuta, jazzaren dotorezia eta poparen freskotasuna uztartuko dituzte zuzeneko dotore eta aldarrikatzaile batean”, azaldu du udalak.
Jazz-talde bat baino gehiago, lau emakume gaztek sortutako ahots-laborategia da FEMMM, musika prestakuntza arautuan antzeman zuten hutsune bati erantzuteko asmoa sortua. Ahotsaren harmonia sakonak, sonoritate gardenak eta koloreak ikertzen dituzte, jazz klasikoaren tradizioa eta poparen freskotasuna elkartuta.
Zati bat a capella eskaini ohi dute, baina zuzeneko batzuetarako musikari talde baten babesa izaten dute. Nahia Valle, Maider Biguri, Danae Riaño eta Alazne Lopezek osatzen dute laukotea, eta banda Daniel Donny Lopezek pianoan, Cristina Pascualek baxuan eta Iker Hernandezek baterian.













