Zumarragako Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluak ikasturte berria abiatu du parte hartzea eta ongizatea ardatz hartuta
Zumarragako udaletxeak 2026/2027 ikasturteko Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren lehen osoko bilkura hartu du. Udalaren egitasmo horren helburua haur eta gazteen ahotsa udal politiketan txertatzea da.
Bilkuran Mikel Serrano alkateak, Iñaki Mendiluze Gazteria zinegotziak eta Urretxu-Zumarraga ikastolako, La Salle-Legazpiko, Gainzuriko eta Iparragirre institutuko LH 5 eta 6ko eta DBH1eko ikasleen ordezkariek parte hartu dute.
Haur eta Nerabeen Udal Kontseilua udalaren partaidetza organo nagusietako bat da, eta haurrei nahiz nerabeei udalerriko gaietan hausnartzeko, iritzia emateko eta proposamenak egiteko aukera eskaintzen die. Egitasmoa Zumarragako Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planaren barruan kokatzen da, gazteenen ongizatea, garapen integrala eta bizi kalitatea sustatzeko helburuz. Era berean, planak bat egiten du Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako helburuekin, haurrek beren ingurunean eragina duten erabakietan parte hartzea sustatuz.
Azken ikasturtean, Kontseiluak haur eta nerabeentzako segurtasunaren inguruko hausnarketa-prozesua garatu zuen. Lan horren bidez, gazteek udalerriko espazioak nola bizi eta sentitzen dituzten aztertu zen, eta aldi berean Helduen Kontseiluaren parte-hartzea ere sustatu zen, belaunaldi arteko elkarrizketa eta lankidetza indartzeko asmoz.
Ikasturte berri honetan, egindako diagnostikotik eta hausnarketetatik abiatuta, urrats bat harago eman nahi da. Horretarako, saioak haur eta nerabeek identifikatutako behar eta erronkei erantzuteko proposamen zehatzak diseinatzera bideratuko dira. Lan horretan hainbat arlotako adituen laguntza izango dute, ekarpenak bideragarri bihurtu eta etorkizuneko udal ekintzetan txertatzeko.
Bestalde, Zumarraga Haurren Lagun den Hiria zigiluaren garapen prozesuaren erdian dago gaur egun.
Horrez gain, ikasturte honetan Haur eta Nerabeen Astearen hirugarren edizioa antolatuko da. Ekimen horren bidez haur eta gazteen protagonismoa, herriko eragileekin elkarlana eta parte hartze kulturaren sustapena landuko dira, jarduera eta topaketa ezberdinen bitartez.
Lehen osoko bilkuran Kontseiluko kide berriak aurkeztu dira, eta ikasturtean zehar jorratu nahi dituzten proposamen eta kezkak partekatu dituzte. Era berean, datozen hilabeteetako lan saioak gidatuko dituen gai nagusia zehazten hasi dira, haur eta nerabeen ongizatea eta udalerriko espazio nahiz zerbitzuen hobekuntza helburu hartuta.
Zumarragako Udalaren ustez, haur eta nerabeen ahotsa entzutea ez ezik, haien ekarpenak udal erabakietan kontuan hartzea ere ezinbestekoa da herri inklusiboagoa, seguruagoa eta etorkizuneko belaunaldien beharretara egokituagoa eraikitzeko.













