Xabin Fernandezek Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria irabazi du ‘Off’ antzezlanarekin
Legorretarrak Amaia Lizarralde eta Olatz Beobiderekin batera jaso du sari nagusia, Nomofobikoak taldearen izenean aurkeztutako 'Off' komedia distopikoarekin.
Olatz Beobide, Xabin Fernandez eta Amaia Lizarralde.Hitza Xabin Fernandez legorretarrak lorpen berri bat gehitu dio bere ibilbideari. Amaia Lizarralde eta Olatz Beobiderekin batera egin berri duen ‘Off’ antzezlanak 2027ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren lehen saria irabazi du. Komedia distopikoa da, eta telefono mugikorrek kontrolatutako errealitate paralelo batera eramaten du ikuslea. Bertan, D2 eta E5 pertsonaiek bizitza osoa eman dute elkarrekin lanean, eta lankide berri baten zain daude. Hala, Z6 iritsiko da lantokira, sinesmen bereziekin eta «itzalaldi handiaren» zain.
Antzezlanak teknologia berrien eta adimen artifizialaren inguruko gaiak umoretik lantzen ditu, eta egungo gizartearen hainbat errealitate taularatzen ditu: aplikazioen presentzia, mugikorraren menpekotasuna, familia eta lan harremanak edo eguneroko beldurrak eta zalantzak. Horien bidez, egungo munduari begirada kritikoa eta umoretsua proposatzen du.
Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak formatu txikiko euskarazko antzerki-proiektuak bultzatu nahi ditu. Aurtengo deialdian, Off izan da epaimahaiaren arabera proiektu irabazlea; bigarren saria, berriz, Patua obrari eman diote.













